Eusko Jaurlaritzak «justizia» nahi du Elizaren barruan sexu abusuak jasan zituzten gizon-emakumeentzat. Hala adierazi du gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluko bileraren ondoren egindako adierazpenetan. Bermeoko Jose Done ikastetxean 1976tik 1981era gertaturiko hainbat abusu kasu salatu zituzten atzo bi emakumek, eta horri buruz galdegin diote Jaurlaritzako ordezkariari. Zupiriak adierazi du «mekanismo guztiak» jarri behar direla martxan Elizaren barruan sexu abusuak jasan dituztenentzat, barnean duten mina atera dezaten eta erreparatuak izan daitezen. Biktimei galdegin die Ertzaintzan edo epaitegietan sala dezaten gertatu zitzaiena, ikertu ahal izateko.
Zupiriak gogoratu du sexu abusuak salatu dituztenak artean ere umeak edo nerabeak zirela sexu abusuak pairatu zituztenean. Eta, adierazi duenez, horrek «ondoez handia» eragin die abusuak jasan zituztenei. Bozeramailearen ustez, abusuak jasan zituztenek eskubidea dute beren «egia eta mina» adierazteko, baita behar duten babesa jasotzeko ere.