Ez du ahaztu, eta ez du nahi inork ahazterik. «Guri gertatutakoa ohikoa zen frankismoan: haurrak hezteko eta zaintzeko ardura zutenek beren boterea erabiltzea, abusatzeko». Jesus Zudairek (Lizarra, Nafarroa, 1954), Zentro Erlijiosoetako Sexu Abusuen Biktimen Elkarteko buruak, ontzat jo du Nafarroako Legebiltzarrean tramitatzen ari diren lege proposamena, baina uste du oraindik ere badagoela zer hobetu, «justizia errestauratiboaren alorrean, batez ere».
Elizako sexu abusuen biktimen legea tramiterako onartu dute parlamentuan. Pozik?
Oso pozik. Gure elkarteak eginiko eskaerak jaso dituzte lege proposamenean, eta, hortaz, erabat konforme gaude eztabaidatzen ari diren testuarekin. Gainera, orain arte, babes ia erabatekoa izan du. Puntu beltz bakarra izan da Navarra Sumak erakutsitako jarrera oztopatzailea.
Iñaki Iriartek (Navarra Suma) esan izan du ongi iruditzen zaiola biktimei aitortza ematea, baina ez lege horren bidez...
Haizagailua piztu nahi izan dute, eta sexu abusuen ardura urardotu, gizarte osoarena balitz bezala, eta ez, zehazki, Eliza katolikoarena. Baina guk pairatutako sexu abusuak baldintza jakin batzuetan gertatu ziren, ikastetxe erlijiosoetan, gu zaintzeko eta hezteko ardura zuten apaiz horiexen eskuetan.
Zer baldintza izan ziren horiek? Zerk bereizten ditu?
Argi izan behar dugu zer zen nazionalkatolizismoa eta norainoko boterea zuen Eliza katolikoak Espainia frankistan. Estatuak abantaila, diru eta prebenda izugarriak eman zizkion erakunde horri, hezkuntza estu lotzeko asmoz. Haurren heziketaren eta moralaren zaindariak ziren apaizak, mojak eta bestelakoak. Beren eskuetan uzten gintuzten gurasoek, eta euren mende geunden alde askotan. Horregatik, oso makurra iruditzen zait gertatutakoa zuritu edo leundu nahi izatea, gizarte osoaren gaitz orokor eta zehaztugabe bat balitz bezala. Argudio faltsu horrek inori erantzukizunak exijitzeko beharraz libratzen ditu erakundeak.
Mindu zaituzte Navarra Sumaren jarrerak, ala ezezkoa espero zenuten?
Espero genuen, baina berdin-berdin mindu gaitu, ez dut ukatuko. Batez ere, eurekin izandako bileretan, alderdiko kide batzuek babesa adierazi zigutelako —maila pertsonalean eta off the record, betiere—, eta aitortu zigutelako eurek ere abusuak sufritu zituztela haurtzaroan, eskola erlijiosoetan. Bestalde, biktimen aitortza-ekitaldi instituzionalera ere batu zen Navarra Sumako ordezkari bat. Hortaz, jakin bagenekien arren lege proposamena ez zutela babestuko, bestelako jokabide bat eta diskurtso bat espero genituen. Hurbilagoa, akaso.
Gobernuak aintzat hartu zaituzte lege proposamena idazteko prozesuan?
Bai. Gure eskaerak eta iradokizunak aintzat hartu dituzte. Lehenik eta behin, talde parlamentario guztiekin landu genuen gaia: haiekin batzartu ginen, eta gure iritzia helarazi genien banan-banan. Eta, lanketa horren ostean, zirriborro bat aurkeztu ziguten, ekarpenen bat izanez gero, lege proposamenean txertatzeko. Azkenik, talde parlamentarioen eta eragileen ekarpen guztiak jasota, azken zirriborroa ondu zuten, eta hori da, funtsean, lege proposamen gisa aurkeztu dena.
Gobernuak berak onartu du oso zaila dela justizia egitea, kasu asko preskribatuta daudelako, eta abusatzaileetako batzuk, hilik. Araua motz gelditu zaizue alde horretatik?
Guretzat, garrantzitsua da azken urrats hori ere egitea, bai. Aitortzaz eta erreparazioaz harago, ikerketa xehe bat egitea eta justizia errestauratiboa bermatzea. Hala ere, Nafarroako Gobernuak martxan du proiektu pilotu bat, eta lanean ari da zenbait biktimarekin, ordain edo erreparazio moduko bat emate aldera.
Abusuen auzia azaleratu zenean, Nafarroako Artzapezpikutzari enpatia falta eta opakutasuna egotzi zenizkioten. Egoera ezberdina al da orain?
Badira kontaktuak, eta nabari ditugu keinu batzuk. Antzeman daiteke, zeharka bada ere, kolaboratzeko asmo bat. Nafarroako Elizaz ari naiz, dena den. Espainiako gotzainen konferentziak betiko jarrerari eutsi dio: iragarri dute elkarlana ahalik eta txikiena izanen dela. Espainiako Estatuan, zortzi elizbarruti azaldu dira prozesuan parte hartzeko prest, baina gainerakoek oso jarrera ezkorra dute.
Gotzainen agintetik kanpo daude kongregazio erlijiosoak. Nolakoa da harremana haiekin?
Oso zaila, zazpiehundik gora direlako, eta bakoitzak bere interesei begiratzen dielako. Badira gertatutakoa argitzeko prest dauden kongregazio batzuk: jesuitek eta maristek, esate baterako, barne ikerketa propioak abiarazi dituzte, eta esan dute ardurak garbitzeko prest daudela. Beste kasu askotan, erreakzioa oso bestelakoa izan da, eta are gehiago itxi dira. Lizarrako El Puy eskolan, adibidez, Jose San Julian apaizari buruzko txostena desagertu egin zen, egun batetik bestera. Nitaz abusatu zuen irakaslea izan zen. Hortaz, elkartean beldur gara ez ote dituzten beste hainbat espediente ere desagerraraziko.
Zeintzuk dira hurrengo urratsak? Zer egin beharko lukete erakundeek?
Nafarroako Gobernuak biktima izaera aitortu digu, eta hori lehen urratsa da, justizia errestauratiboa bermatzen hasteko. Orain, prozesu bat zabaldu beharko litzateke Justizia Departamentuaren eta Iruñeko Artzapezpikutzaren artean. Ea zer eskain dezakeen Elizak, eginikoa aitortu eta nolabaiteko ordaina emateko.
Zer motatako neurriak jarri dituzue mahai gainean?
Prozesu juridikoak alde batera utzita ere, badira ikastetxe eta zentro erlijiosoek egin ditzaketen zenbait urrats, biktimen mina apaltzeko, edo, gutxienez, ez areagotzeko. Izan daitezke neurri txikiak edo azalekoak diruditenak: abusatzaileen erretratuak ohorezko tokietatik kentzea, adibidez. Gezurra badirudi ere, erasotzaileetako askoren aurpegiek hortxe segitzen dute, graduatze argazkietan eta bestelakoetan, eskoletako paretetan zintzilik. Horretarako, baina, eginikoa aitortu beharko dute publikoki. Utz ditzatela behingoz ustezkokeriak, eta esan dezatela salatutakoa egia dela. Hori eskatzen diegu, beste ezer egin baino lehen.
Jesus Zudaire. Elizako sexu abusuen biktimen elkarteko burua
«Elizaren ardura zuritu nahi du Navarra Sumak: oso makurra da hori»
Zortzi urte zituela, Jesus Zudairek sexu abusuak jasan zituen; Lizarrako El Puy eskolako irakasle batek egin zizkion. Elizako biktimen ordezkaria da orain, eta justizia eskatu du parlamentuan, lege berria tramitatzeko bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu