Hasiak dira bidea urratzen. Nafarroako ikastetxe katolikoetan sexu abusuak pairatu zituzten biktimak aitzindari izan ziren elkarte batean antolatzen —bi elkarte dira orain— eta auzia mahai gainean jartzen, eta aitzindari izanen dira justizia errestauratiboa jasotzeko bidean ere. Izan ere, gisa horretako erreparazioa eskaintzen hasi da Nafarroako Gobernuko Justizia Zuzendaritza Nagusia, Eliza katolikoaren sexu abusuen biktimentzako proiektu pilotu baten bidez. «Espazio seguru bat sortu da, pertsona horiek beren beharrak partekatu, izan ditzaketen galderei erantzunak eman eta kaltea erreparatzeko beharrezkoak diren urratsak identifika ditzaten», azaldu du Nafarroako Gobernuak, ohar batean.
Iazko uztailean Nafarroako Legebiltzarrak onartutako 24/2022 foru legetik eratorritako neurria da orain abiarazi dutena. Ordutik hiru hilabetera, abian jarri zuten batzorde independente bat, abusuak salatu dituztenei biktima izaera aitortu eta erreparaziorako bide bat eskaintzeko xedez. Honako aditu hauek osatu zuten lantaldea: Mikel Lizarraga eta Esther Aldabe historialariek, Josean Etxauri psikologoak, Ana Carmona kriminologoak, Camino Bueno irakasleak, Mikel Cordoba giza eskubideen adituak eta Nafarroako Gobernuko Biktimen Arretarako Bulegoko arduradun Izaskun Gartzaronek.
Ikusi gehiago:Elizaren biktimek Nafarroan eginiko bidea
Biktimekin banan-banan hitz egin eta testigantzak aztertu ostean, bukatutzat eman dute lehen bi biktimekin abiatutako prozesu osoa. 2024ko urtarriletik aurrera, berriz, prozesu hauek «bermatutako laguntza» bihurtuko dira, biktima gisa aitortuak diren pertsona guztientzat, hala eskatzen badute. Iaz abian jarritako batzordea 26 kasu aztertzen ari da orain, eta 55 aurkeztu dira guztira. Orain arte, sei pertsonari aitortu diete biktima izaera, eta datozen asteetan hamarretik gora izanen direla dio gobernuak.
Txostenak eta aurrez aurreko bilerak
Batzordearen beste zereginetako bat da urtero txosten bat aurkeztea Nafarroako Parlamentuan, aztertutako kasu guztiekin. «Bi frontetan ari gara lanean», azaldu zion BERRIAri Josean Etxauri psikologo eta batzordekideak iragan urtarrilean, batzordea lanean hasi zenean: «Alde batetik, biktimen bulego bat sortu dugu, abusuak sufritutakoek salaketa egin dezaten; eta, bestetik, batzordea dago, haiekin hitz egin eta espediente bakoitza aztertzeko».
Ikusi gehiago:Eduardo Santos Justizia kontseilari ohiari eginiko elkarrizketa
Haren ustez, batzorde parlamentarioaren aintzatespena «balio handikoa» izan daiteke biktima horien osatze prozesuan: «Gertatu zena aitortzeak, bere horretan, badu erreparaziotik pixka bat. Biktima askorentzat oso garrantzitsua da, eta horixe da, hain zuzen, batzordearen egiteko nagusia: biktimei aitortza soziala eta instituzionala eskaintzea». Estatus horrek, baina, ez du ondorio juridikorik izanen: alde batetik, delitu gehienak preskribatuta daudelako, eta, bestetik, auzitegietan zabalik diren prozesu juridikoetan ere, batzorde parlamentario baten ebazpenek ezin dutelako eraginik izan.
Hala ere, aitortza ekitaldi publikoak antolatu dituzte, eta aurrez aurreko bilerak ere prestatu dituzte Iruñeko Artzapezpikutzaren eta hala eskatu duten biktimen artean, Elizak eginikoa aitor dezan eta barkamena eska diezaien. Hasiak dira bidea egiten, erabat sendatu ezin den zauri hori ixten hasteko.