Adinean aurrera eginda, baina zuhur bezain kementsu mintzo da Carlos Armendariz (Atarrabia, Nafarroa, 1936). Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako presidentea da, eta pozarren hartu du Madrilek hipoteka legea eraldatzeko aurkeztu duen aurreproiektua: Eliza katolikoak galdu egingo ditu ondasunak bere izenean jartzeko abantailak.
Urteetan salaketaz salaketa ibili ondotik, «behingoagatik» arrazoia eman dietela nabarmendu du: «Sekulako garaipena da». Eliza katolikoak pertsonek baino eskubide gehiago ez duela frogatuta geratu dela deritzo. Hala ere, ez da erabat ase —argiak eta itzalak ikusten ditu—, eta ohartarazi du Espainiako Gobernuak Elizaren jokabidea «konstituzioaren aurkakoa» izan dela aitortu arte «tinko» jarraituko dutela lanean. Salatu du, halaber, Eliza presaka arituko dela ondasunak bere egiten, aurreproiektua lege bihurtu arte.
Ondasunak nahierara bere izenean jartzea galaraziko diote Elizari. Zer-nolako balorazioa egiten duzue?
Balorazioa gazi-gozoa da. Argiak eta itzalak ditu proiektuak. Batetik, sekulako garaipena da, Espainiako Gobernuak ontzat jo baitu zazpi urte hauetan salaketaz salaketa exijitzen ibili garena. Gobernuak erabat frogatutzat jo du Elizak gaizki jardun duela. Horrek izugarri pozten gaitu. Behingoagatik, arrazoia eman digute, gogo gaiztoz izan bada ere. Eta argi geratu da Elizari ez dagokiola pertsonei baino eskubide gehiago ondasunak bereganatzean.
Zeintzuk dira itzal horiek?
Gabezia nabarmenak atzeman dizkiogu PPren proposamenari. Hipoteka legea egokitzeko xedea du, bai, baina oraindik ez du aitortu zer dela-eta den beharrezkoa aldatzea. Gaizki egindakoaz harago jotzea eskatzen diogu. Pauso bat aurrera ematea. Elizaren jokabidea eta, horrenbestez, hipoteka legearen 206. artikulua konstituzioaren kontrakoa izan dela onartu arte tinko segituko dugu, ez baitugu behin betiko garaipena lortu.
Posible ikusten duzu orain?
PP agintean dagoen bitartean halakorik gertatzea zail ikusten dut. Nolanahi ere, alderdi popularra ez da betiko egongo gobernuan. Gu ere ez gara hilezkorrak, baina zuhurtzia dugu, eta, batik bat, lan eskerga egiteko. Egunen batean,agintean dagoen indar politikoak, dena delakoa izanda ere, gure eskakizun oro kontuan hartzea espero dugu. Zein gobernurekin? Ez dakigu. Bizirik egongo garen? Ideiarik ere ez daukagu. Gatazka etengabean gaude, eta, gerra horretan, asko eskertuko genuke alderdien sostengua. Ahal bezain laster, Madrilgo gobernuak 206. artikulua konstituzioaren kontrakotzat jotzea nahi dugu.
Itxaropentsu mintzo zara.
Noski. Zergatik ez? Konfiantza daukagu, eta ez ditugu besoak gurutzatuko. Duela zazpi urte, Eliza katolikoaren jarduna salatzeari ekin genionean, pentsaezina zengaur gun gauden egoeraraino iristea. Babesa jasotzen hasi gara, gainera. Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak, esate baterako, ontzat jo ditu gure eskaerak.
Zerk bultzatu du Espainiako Gobernua legedian aldaketak egitera?
Ziurrenik, presio politikoak eta sozialak eragin handia izan du. Lan eraginkorraren erakusle da.
Egungo hipoteka legea moldatzeak zer-nolako aldaketak ekarriko ditu?
Orain arte, erregistrora joan, eta elizgizon batek agiria aurkeztea aski izan du Elizak eraikinak bereganatzeko. Funtzionario baten agiriak adinako balioa zeukan Elizako ordezkariaren paper batek. Aurrerantzean, baina, Elizak ohiko prozedura erabili beharko du. Edozein pertsonak bezala, jabetzak frogatu beharko ditu.
Urte hauetan guztietan Elizak pribilegio agerikoa izan duela deritzozu?
Eliza modu bidegabean ibili da herrietako ondasunak bere izenean jartzen. Orain ere, hori egiten ahaleginduko da. Aurreproiektua lege bihurtu arte urtebete igaro daiteke, erraz, eta Elizak presaka jardungo du eskura duen dena bere izenean jartzeko. Nafarroan ez, dagoeneko hartuta duelako dena. Gobernuak, ordea, pribilegio horiei eusteko borondatea erakutsi du. Eta legearen bitartez mugak jarriko dizkion arren, uste dugu erraztasun ugari emango dizkiola eraikinak bereganatzeko.
Nafarroan soilik mila ondasun baino gehiago bereganatu ditu Iruñeko Artzapezpikutzak 1998tik 2007ra.
Elizaren argudioa da betitik izan direla bereak elizak eta erabat bidezkoa dela eraikin horiek bere izenean jartzea. Lotsagarria da.
Nafarroan sortu da zalaparta, baina handik kanpora ere izan dira kasuak.
Bai, baina gutxiago. Toki horietan dago, hain justu, arrisku handiena, Elizak hara joko baitu bereganatu gabekoa erregistratzera.
Zer gertatuko da eraikin horiekin?
Konstituzioaren aurkako aitorpena beharko genuke, nahitaez, ondasunok berreskuratzeko.
Carlos Armendariz. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako presidentea
«Elizak presaka jardungo du ondasunak erregistratzen»
Eliza katolikoak eraikinak bereganatzeko izan dituen «abantailei» atea itxi nahi die Espainiako Gobernuak, hipoteka legea moldatuta. Ontzat jo du Armendarizek, baina susmoa du Elizak bide berari eutsiko diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu