Orain zortzi urte, ezustean, Nafarroan hasi zen Elizaren immatrikulazioen gaia hizpidea jartzen. Ondasunak bere izenean jartzen ari zela ikusita, horren kontrako plataforma bat sortu zuten; helburu dute «herriari» bueltatzea ondare hori. Plataforma horretako ordezkaria da Jose Mari Esparza (Tafalla, Nafarroa, 1951). Ondasun horiek «berreskuratzeko» dituzten asmoen berri eman du.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere agertu dira kasuak: 500 baino gehiago. Espero zenuten?
Bai. Ziur geunden. Estatu osoan gertatu da hori. Esan izan da estatuan 5.000 ondasun direla, baina ez: askoz gehiago dira. Hipoteka Legean aukera kendu diote Elizari, baina ondareak Elizaren esku jarraitzen du. Izugarrizko lorpena izan da legea aldatzea; hori izan da plataformaren helburua hasieratik. Baina zentzugabea da legea aldatzea eta orain artekoa berdin uztea. Lortu behar dugu lege horren bitartez harrapatu duten ondare guztia herriei bueltatzea.
Jendea ari da ohartzen immatrikulazioen gaia zabaldua dela?
Hori da gure lorpenik handiena. Zortzi urte kostatu zaigu. Hasieran ematen zuen Nafarroako afera zela, lau txotxolo... Elizak esaten zuen ateoak ginela, Elizaren kontra ari ginela. No robarás [Ez duzu lapurtuko] liburua kaleratu dugu; Europa Laica, Andaluziako plataforma eta estatuko oinarrizko kristauen bi talde handienekin batera argitaratu dugu. Horrek esan nahi du lortu dugula transbertsaltasuna: laikoak eta kristauak ari dira guri arrazoi ematen.
Aldaketa politikoak datoz: Espainiako Kongresuan gehiengoa aldatu da, Nafarroan ere bai. Itxaropenik baduzue horretan?
Bai. Joan den astean egon ginen Nafarroako Parlamentuan, eta talde guztiek arrazoia eman ziguten, baita UPNk ere —ez zuen deus esan gure kontra: aztertu behar dutela, negoziatu behar dela...—. Ohartu dira herrietan kristauak edo eskuinekoak izanik ere ez dutela onartzen betiko elizak beraienak ez izatea. Jendea haserretu da. Horregatik da horren inportantea zerrendak ateratzea. Nafarroako eskandalua sortu zen zerrenda lortu genuelako. Konturatu ziren zer inportantzia zuen, eta zazpi urtez ukatu dituzte datuak; Gallardon Justizia ministroaren menpe zeuden jabetzaren erregistroak, eta esaten zuen berak ez zuela daturik, eta babesagatik ezin zirela kaleratu. Eusko Legebiltzarrak eman duen pausoa oso inportantea da, monolitismo hori apurtzen ari baita. Egun batean estatu osoan jendea ohartzen bada zer izan diren immatrikulazioak eta noraino iritsi den, sekulako eskandalua sortuko da.
Zer pauso dituzue buruan?
1947tik aurrera immatrikulatutakoen zerrenda eskatu dugu Nafarroako Parlamentuan. Hipoteka Legea frankismo garaikoa zen. Deigarria da: frankismoan Elizak debekatua zuen gurtza tokiak immatrikulatzea —onartzen zen herriarenak direla—, eta Aznarren gobernuak 1998an aldatu zuen hori. Ikusi behar da zer gertatzen den Madrilen. PSOEk, Podemosek eta Izquierda Pluralek hauteskunde programan argi jarri zuten immatrikulazioen afera birplanteatu egin behar dela. Gure ardura izango da hori bete dezaten. Europan badaude sententzia interesgarri batzuk. Jendea kontzientziatzen segitu nahi dugu. Beste erkidegoetan ere plataformak sortu nahi ditugu. Nahi dugu EAEn ere Nafarroakoaren moduko plataforma bat, ondarea defendatzeko.
Alde juridikotik, badago aukerarik Elizari ondasunak kentzeko?
Ez dugu auzitegietan sartu nahi. Oso esparru labainkorra da guretzat. Absurdoa da hemendik aurrera apezpikuek immatrikulatzen ezin jarraitzea, eta orain artekoekin banaka-banaka herriek auzitegietara jo behar izatea. Izugarrizko babesgabetasuna da. Herri txikiek ez dute dirurik. Parrokia bat immatrikulatzea 30 euro kostatu zaio Elizari, baina hori berreskuratzeak gastu handia du auzitegian. Gainera, uste dugu orokorra izan behar dela. 1978an konstituzioa onartu zen, eta haren kontrako guztia bertan behera utzi behar da. Bistan dago afera hori erabat inkonstituzionala dela. Hori da gure erronka.
Jose Mari Esparza. Ondarearen Defentsarako Plataforma
«Elizak harrapatu duen ondare guztia herriei itzultzea lortu behar da»
Elizak Gipuzkoa, Bizkai eta Araban bere izenean jarri dituen ondasunei buruzko informazioa kaleratu zuen atzo BERRIAk. Esparzaren ustetan, inportantea da datuak ateratzea. Nafarroan hala hasi zen mugimendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu