Elizak bere izenean jarritako 3.000 ondasun ikertuko ditu Nafarroako Gobernuak

Elizak, ermitak, etxebizitzak, lursailak eta bestelako ondasunak ikertuko dituzte, eta udalerriei bidea emanen diete horiek berreskuratzeko.

Uharteko San Joan eliza berea duelakoan, udalak auzitara eraman du Iruñeko Artzapezpikutza. IDOIA ZABALETA / ARP.
Uharteko San Joan eliza, artxiboko argazki batean. Udalak auzitara jo zuen Iruñeko Artzapezpikutzaren aurka, tenplua bere izenean jarri zuela salatzeko. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 12a
16:00
Entzun

Zenbat diren, noren izenean dauden, noiztik, norenak ziren berez, nori saldu zitzaizkion. Hori guztia ikertu nahi du Nafarroako Gobernuak, Eliza katolikoaren immatrikulazioen auzian. Artzapezpikutzak bere izenean erregistratutako 3.000 ondasun inguru zenbatu dituzte herrialdean, eta horien jatorria argituko dute aurten, higiezin eta lursail horien berezko jabeek erreklamatzeko aukera izan dezaten. Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari Amparo Lopez Antelok eman zuen horren berri, Nafarroako Parlamentuan, Zurekin Nafarroa koalizioak eginiko galdera bati erantzunez.

DATUAK

4,1 milioi

Elizak Nafarroan immatrikulatutako ondasunek zenbateko eremua hartzen duten, metro koadrotan. Iruñearen eremu osoaren %20 edo Burlatarena halako bi da hori.

2.952

Zenbat immatrikulazio egin diren, Nafarroako Gobernuaren arabera. Nafarroako Gobernuko Justizia Departamentuak 2021ean eginiko ikerketaren arabera, Elizak ia 3.000 ondasun jarri ditu bere izenean. Horien herenak tenpluak dira, baina badira etxebizitzak, baratzeak, nekazaritzarako lursailak, etxabeak eta eraikin osoak ere.

Nafarroako Gobernuak 2021ean egin zuen Elizak bereganatutako ondasunen inbentarioa: 2.952 elementu zenbatu zituzten guztira —Espainiako Gobernuak aurretik kalkulatu zuena halako hiru—. Gobernuak parlamentuan aurkeztu zituen ikerketa horien emaitzak, eta baita salerosketa eta immatrikulazio operazio horien erregistroak ere. Azaldu zutenez, Artzapezpikutzak immatrikulatutako ondasun gehienak tenpluak dira (ondasun guztien %33), eta horien artean dira bi katedral, ehunka eliza, erretore etxeak eta baselizak, besteak beste. Horiez gain, lursail asko ere bereganatu dituzte (nekazaritzako lurrak, baratzeak, olibondoak, mahastiak, lehorreko lurrak, zereal lursailak, basoak...), eta baita 187 etxebizitza, 101 finka, 36 etxabe eta zazpi eraikin oso ere. Ezohiko higiezinak ere bere izenean jarri ditu Elizak hamarkada hauetan guztietan: besteak beste, dozenaka hilerri, frontoiak, museoak, parkeak, zahar etxe bat eta erretiratuen elkarte bat. Guztira, 4.107.000 metro koadro. Hau da: Iruñea osoaren eremuaren %20 edo Burlatarena halako bi, eremu hori hartzen dute Elizak Nafarroan immatrikulatutako ondasunek.

Horiek guztiak banan-banan identifikatuta, erreklamazio eta berreskuratze prozesua abiatuko du Nafarroako Gobernuak. Horretarako, bulego bat sortuko dute, ondasun horiek berreskuratu nahi dituzten udalerriei aholkularitza, laguntza eta babesa emateko. Hain zuzen, horren inguruko neurri bat jasota dago 2024ko aurrekontu aurreproiektuan, EH Bilduk proposatua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Maria Aierdik adierazi du gobernuaren asmoa dela ondasunak identifikatzeko eta berreskuratzeko prozesua «aurrekontuak onartu eta berehala» hastea.

Immatrikulazioak, Francoren garaitik

Tokian-tokian, eliza, baseliza eta haien inguruko zoru, eraikin eta bestelakoak herriarenak zirela kontsideratu izan da aspaldidanik, baina juridikoki hori aldatzeko aukera eman zion frankismoak Elizari 1946an, Hipoteken Legea ezarri zuenean. Lege hartan, estatuak erakunde publikoen pare jarri zuen Eliza, eta bere buruari egindako ziurtagiri batekin gurtzarako ez ziren ondasunak lehen aldiz erregistratzeko abantaila eman zion. Trantsizioan, diktaduratik zetozen legeak baliogabetzeko epe bat ireki zen, baina, 1946ko Hipoteken Lege hura ez zenez inpugnatu, indarrean jarraitu zuen.

1998an, Jose Maria Aznarren gobernuak berritu egin zuen lege hura, baina, Elizari pribilegio hori kendu ordez, indartu egin zion: frankismoak jarritako muga kendu, eta aukera eman zion gurtzarako tenpluak ere immatrikulatzeko. Hartara, hamazazpi urtez, Elizak atea irekia izan du ondasun ugari bere izenean erregistratzeko. Ate hori 2015ean itxi zen, lege berria onartu zenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.