Sean Ryan. Irlandako Auzitegi Nagusiko epaile ohia

«Elizak aspalditik zekien arazo larria zuela sexu abusuekin; barne agiriek frogatzen dute hori»

Irlandako zentro erlijiosoetako pederastia kasuak azaleratu zituen epailea bidelagun izan du Nafarroako Gobernuak, herrialdean antzeko egitasmoak sustatzeko.

DANIEL BURGI / NAFARROAKO GOBERNUA.
Ion Orzaiz.
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
1999an, Irlandako Gobernuak ikerketa bat abiatu zuen, kongregazio eta anaidi erlijiosoek kudeatutako eskola, umezurztegi eta bestelako instituzioetan gertatutako sexu abusu eta tratu txarrei buruz. Hamar urte geroago, ikerketa horren ondorioak argitaratu zituzten CICA Haurren Abusuak Ikertzeko Batzordea izeneko txostenean. Besteak beste, ondorioztatu zuten Eliza katolikoak bazuela 1950eko eta 1980ko hamarkaden artean gertatutako pederastia kasu horien berri. Ikerketa aitzindari horren buru izan zen Sean Ryan epaile ohia (Dublin, 1948).

Ikusi gehiago:Elizaren altzoan, 90 erasotzaile eta 177 biktima

Hamalau urte igaro dira Irlandako zentro erlijiosoetako sexu abusuei buruzko txostena argitaratu zenutenetik. Nola gogoratzen duzu?

Esperientzia izugarri interesgarria izan zen, eta berria niretzat. Aurretik, banuen ezagutza lauso bat gaiaz. Entzunak nituen zenbait istorio Irlandako industria eskolen inguruan [gurasorik gabeko edo abandonatutako haurrentzako umezurztegi eta atxikitze zentroen sarea, XIX. mendean sortua eta kongregazio erlijiosoek kudeatua]. Banekien oso sistema txarra zela eta haurrak gaizki tratatzen zituztela, baina oso ideia orokorra zen. Gizartean hedatutako susmo bat, baina ebidentzia sendorik gabe.

Espero zenuten aferak halako oihartzuna izatea?

Inondik inora ere ez. Batzordeburu izendatu nindutenean, organo hori kinka larrian zegoen, ez baitzegoen argi nola egin aurrera. Batzordeko buruak [Mary Laffoy epaileak] dimisioa eman zuen, eta kargua eskaini zidaten. Esperientzia interesgarria izan zen, baina baita oso latza ere. Ez nekien auzia hainbeste luzatuko zenik, horren sustrai sakonak izanen zituenik, ezta zenbat gehiegikeria azaleratuko genituen ere. Hori guztia kontuan hartuta, ez dut esanen adostu genuen txostena perfektua izan zenik, inondik inora, baina nire ustez, baldintza horietan lor genezakeen onena izan zen.

Zein izan zen ikerketa batzordearen lana, zehazki?

Biktimen testigantzak entzutea, erakunde erlijiosoei informazioa eskatzea eta kasuak banan-banan ikertzea. Hori izan zen, funtsean, gure egitekoa. Ezagutzen genuenetik abiatuta, ezezagun zitzaiguna argitzera jo genuen. Agiri batzuetan aipatzen bazen zentro batean erasoak gertatu zirela, hori ikertzen genuen, eta saiatzen ginen ebidentzia hori testuinguruan kokatzen eta hango biktimen testigantzekin alderatzen.

Biktimei ordaina emateko lantaldeko burua ere izan zinen. Nola hasi gizarteak biktimekin duen zor hori kitatzen?

Urteetan abusuak sufritutako askok izena emana zuten batzordean, gertatutakoaren testigantza emateko, baina ez zegoen ezarria kalte ordainak emateko sistemarik. Horrekin kexu azaldu ziren biktimen abokatuak. Irlandako Gobernuak aparteko lege bat onartu zuen horretarako, eta lantalde berezi bat sortu zuen, biktimei aitortza emateaz gain, ordain ekonomikoak kalkulatu eta abusuen larritasunaren arabera banatzeko. Horren buru izendatu ninduten. Sistema bat asmatu behar izan genuen, kalteak neurtzeko: mina fisikoa izan da soilik, ala psikologikoa ere bai? Nolako eragina izan zuten sexu abusuek biktimaren bizimoduan? Horren arabera kalkulatu genuen biktima bakoitzari ordaindu beharrekoa.

Bai, baina, diruaz gain, bestelako urrats batzuk ere eskatu zituzten biktimek: egia azaleratzea, erasotzaileak identifikatzea eta auzipetzea...

Bai, hala da. Biktimek zer nahi dute, oro har? Gertatutakoa jakin dadila. Hara joan, testigantza eman, erasotzailea identifikatu eta ardurak eskatu. Askok jendaurrean egin nahi zuten, gainera. Horrek beste agertoki batera eraman gintuen: akusatuen izen-deiturak publiko egin eta auzipetzea eskatuz gero, beharrezkoa zen beren eskubideak eta errugabetasun presuntzioa bermatzeko neurriak hartzea ere, eta, aintzat hartzen badugu prozesu hori bera aplikatu beharko litzatekeela ehunka testigantzarekin, inplikazioak agerikoak dira. Epaiketa baten antz gero eta handiagoa hartu zuen horrek. Ohartu ginen batzordearen hasierako helburua ez zela errealista, ezin genuela hori guztia egin epe jakin batean, eta gainera, edozein erabaki hartuta ere, ezinezkoa zela inplikatutako guztiak kontent uztea: akusatu batzuk auzibidean jar zitezkeen, baina beste asko ez, adinagatik, hilda zeudelako, delituak preskribatuta zeudelako... Erabaki genuen hori ez zela batzordearen egitekoa.

Norainoko eragina izan zuen txostenak?

Izugarria. Eta ez Irlandan bakarrik. Mundu osora hedatu zen inpaktua. Pixka bat beldurgarria izan zen. Gogoan dut txostena ezagutarazi genuen eguna. Auzitegiaren ate aurrera hurbildu, eta telebista kateen furgonetek hartua zegoen inguru osoa. Orduantxe jabetu nintzen auziaren benetako tamainaz, eta eraginen zuen olatu erraldoiaz. «Ai ene, zer egin dugu?». Oso dramatikoa izan zen, eta hunkigarria, urteetan argitu gabeko errealitate bat azaleratzen ari ginelako. Irlandako jendeak bazekien nolabait erakunde katolikoetan gauza txarrak gertatzen zirela, baina ez zekiten noraino zegoen hedatua gaitza. Txostena argitara atera eta gero, jende ugari animatu zen hedabideetara deitzera, beren kalbarioa kontatzeko. Herrialde osoa astindu zuen.

Halako kasuak azaleratu direnean, gizarteak harriduraz hartu ditu, baina askok bazekiten halakoak gertatzen zirela zentro erlijiosoetan.

Bai. Denok genekien zerbait, baina inork ez zekien ezer. Urte luzez, nik neuk ere gogoeta egin izan dut fenomeno horren inguruan. Nola da posible gauza bat jakina izatea eta, aldi berean, jendeak ez jakitea? Irlandako idazle ezagun batek, John Banvillek, auziari buruzko pieza bat idatzi zuen The New York Times egunkarian, antzeko izenburu batekin: Jakina zen, eta ez genekien. Nik neuk Anaia Kristauen eskola batean ikasi nuen. Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitu nuen 1966an, 18 urterekin, eta garai hartaz dudan oroitzapena da denok entzunak genituela zurrumurruak, baina inork ez zuela esaten ezer argi eta garbi. Auzi hura ez zen jendaurrean eztabaidatu zitekeen zerbait. Hala ere, kontua ez da gizarteak abusuei ez ikusiarena egin ziela nahita (eta agian zenbaitek halaxe egingo zuten), baizik eta, oro har, ez zekiela hori nola izendatu ere. Ez zuten pentsatu arazo larria izan zitekeenik. Antzeko zerbait gertatu izan zaigu indarkeria matxistarekin: gure kontzientzia kolektibora ekarri behar izan dugu, lehendik ez genekielako hori identifikatzen. Askorentzat, ez zen delitu bereizi bat ere. Ez zen existitzen.

Eliza katolikoak bazekien...

Bai. Hala ere, esan beharra dago guk ez genuela Eliza katolikoa ikertu, kongregazio erlijiosoak baizik. Kongregazio horietako batzuk Erromaren menpe zeuden, eta beste batzuk ez, baina denek zuten ezaugarri komun bat: gertakari horiek isilarazteko politika.

Nola erreakzionatu zuten kongregazio horiek, txostena azaleratu zenean?

Ez zuten auzitan jarri han azaltzen zena. Agian ez dagokit niri hau esatea, baina uste dut txosten horretan azaleratu genituen ebidentziak oso argiak zirela, eta ez zutela zalantzarako tarterik uzten. Abusu horien aurrean, baina, askotariko jarrerak sumatu genituen, eta elkarlanerako prestasun maila ere oso ezberdina izan zen kasuan-kasuan. Eliza katolikoak aspalditik zekien etxe barruan arazo larri bat zuela sexu abusuekin, eta ikerketan eskuratu ahal izan genituen agiriek frogatzen dute hori. Paper horietan, zeharka deskribatzen ziren sexu abusuak. Ez zituzten zuzenean aipatzen, baina, auzia ezagutzen dugunontzat argi zegoen zertaz ari ziren «arrisku fisikoak» eta halako kontzeptuak erabiltzen zituztenean.

Espainiako Gobernuak ere abian jarri du batzorde bat, Irlandakoa eredutzat hartuta, Eliza katolikoan gertatutako sexu abusuak ikertu eta txosten bat ontzeko. Zer hartu beharko lukete aintzat?

Nahiago dut beste herrialdeetako erakundeez eta prozedurez iritzirik ez eman, batetik, ez dudalako hango errealitatea ongi ezagutzen; eta, bestetik, erretiroa hartu nuenetik, gaiaz aldenduta bizi naizelako. Dena den, gisa honetako batzorde guztiek helburu bera dute: salaketen egiazkotasuna frogatzea bainoago, abusuak sufritu zituztenei erreparazio edo aintzatespen moduko bat eskaintzea. Azken finean, badakigu testigantzetan salatutakoa egia dela: jendeak ez du bere testigantza emateko urratsa egiten gezurrak kontatzeko. Baten batek ahatz dezake xehetasunen bat, beste zerbait exajeratu, edo oroitzapenak nahastu... Hori guztia normala da, batez ere, traumak dituztenekin lan egiten duzunean. Baina, funtsean, kontatzen dutena egia da. Eskola erlijioso asko toki beldurgarriak izan ziren, eta gauza beldurgarriak gertatu ziren horietan. Hortaz, gisa honetako batzorde baten oinarrizko lana da biktimek zer duten esateko, eta zer gertatu zen aitortzea. Eta batzordearen lanak gizartearen onespena izan dezan, hiru ezaugarri izan behar ditu: efizientzia, independentzia eta autoritatea.

Espainian abian jarri duten batzordeak, baina, mugatua izanen du autoritatea: Arartekoa jarri dute horren arduradun, eta ez du eskuduntzarik Eliza ezertara behartzeko...

Bai, hori ez zait egokia iruditzen. Ikerketa batzorde batek izan beharko lituzke auzitegi baten gaitasun berberak. Nik neuk Irlandako Auzitegi Nagusiko epaile baten autoritate bera nuen, ikerketa batzordeko presidente gisa. Horrek balio du, funtsean, agiriak eta adierazpenak lortzeko. Kongregazioei eskatzen ahal zaie artxiboak ireki eta han bildutako informazio guztia ikerlarien esku uzteko, adibidez, eta ez lukete aukera izan behar ezetz esateko. Ikerketa judizial batean epaileari agiriak ukatzen badizkiozu, arazo larri bat izanen duzu; bada, kasu honetan gauza bera izan beharko litzateke. Hori esanda, azpimarratu nahi dut ez dagoela halako ikerketa bat egiteko bide bakarra, eta nik diodana ez dela formula magiko bat.

Ikusi gehiago:Biktimek argitu dute bidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.