Elizak 1.122 ondasun immatrikulatu zituen 1998tik Hegoaldean

Madrilgo gobernuak immatrikulatutako ondasunen zerrenda atera du, eta «erreklamatzeko bidea ireki du». Nafarroako Ondarearen Defentsarako plataformaren ustez, «urrats txiki bezain mugatua» da

EDURNE ELIZONDO / BERRIA.
joxerra senar
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Legez besteko proposamen bat onartu ondotik, 2017an, Espainiako Kongresuak gobernuari eskatu zion Elizak immatrikulatutako ondasunen zerrenda bidal zezala. Lauurte geroago, azkenean, Madrilgo gobernuak 1998tik 2015era Elizak bere alde erregistratutako ondasunen zerrenda aurkeztu du. Bertan egiaztatu daiteke epe horretan Hego Euskal Herrian 1.122 ondasun jarrizituela bere izenean lehen aldiz Jabetzaren Erregistroan —horixe baita immatrikulazioaren esanahia—. Horietatik 913 gurtzeko tenpluak eta haien alboko eraikinak dira, eta gainerako 209ak, zoru, etxe, lursail eta bestelako ondasunak. Herenegun, Carmen Calvo presidenteordeak nabarmendu zuen ondasun horiek «erreklamatzeko bidea ireki» dela horrela.

Bestela pentsatzen du Andres Valentin Nafarroako Ondasunaren Defentsarako plataformako eledunak. Zerrendan ageri diren ondasun guztietatik 1.033 Nafarroan daude. 2007an, Tafallako Santa Maria elizaren jabegoaren erregistroari buruz ikertzean jabetu zen Jose Maria Esparza arazoaz, eta, hari horri tiraka, hamahiru urteotan lan aitzindaria egin du plataformak. Valentinen ustez, asteon kaleratu den zerrenda hori «urrats txiki bezain mugatua» baino ez da, «kilometro askoko bide luzea» geratzen baita aurretik.

Tokian-tokian, eliza, baseliza eta haien inguruko zoru, eraikin eta bestelakoak herriarenak zirela kontsideratu izan da aspaldidanik, baina juridikoki hori aldatzeko aukera eman zion frankismoak Elizari 1946an, Hipoteken Legea ezarri zuenean. Lege hartan, erakunde publikoen pare jarri zuen estatuak Eliza, eta bere buruari egindako ziurtagiri batekin gurtzekoak ez ziren ondasunak lehen aldiz erregistratzeko abantaila eman zion. Trantsizioan, diktaduratik zetozen legeak baliogabetzeko epe bat ireki zen, baina, 1946ko Hipoteken Lege hura inpugnatu ez zenez, indarrean jarraitu zuen.

Jose Maria Aznarren gobernuak 1998an lege hura berritu zuen, baina, Elizari pribilegio hori kendu ordez, indartu egin zion: frankismoak jarritako muga kendu eta gurtzeko tenpluak ere immatrikulatzeko aukera eman zion. Hartara, hamazazpi urtez, Elizak ondasun ugari bere izenean erregistratzeko atea irekia izan du. Ate hori 2015ean itxi zen, lege berria onartu zenean.

Hartara, Valentinek azpimarratu du orain kaleratutako zerrendan ez daudela 1946tik 1998ra bitartean Elizak erregistratu zituen beste ondasunak. Plataformak bere webgunean jarria duen informazioaren arabera, frankismoko legearen arabera immatrikulatutako ondasun kopurua Aznarren legearekin egindakoa baino «handiagoa» izan da. Zehazki, Nafarroan 1.418 zenbatu dituzte —gehienbat, etxeak, bestelako eraikinak, baratzeak eta lursailak —.

Valentinen arabera, beste arazo bat dago. Ondasun baten erregistroaren barruan, gehiago egon daitezke. Adibide argigarriena Espainiako katedral ezagunenetako batena da, Sevillakoarena. Valentinen arabera, katedralaren erregistroaren barruan, beste eraikin esanguratsuak daude: hala nola Giralda dorrea edo Laranjondoen Patioa. Gauza bera gerta liteke Euskal Herrian, hainbat ermitarekin; adibidez, Muskildakoa (Otsagabia, Nafarroa). «Seroraren etxea, ermita inguratzen duen lorategi txikia eta mila metro koadroko belardia sartzen dira erregistro bakarrean. Asko dugu oraindik jakiteko».

Horrekin loturik, Valentinek nabarmendu du zerrenda bat izatearekin ez dela aski, informazioa eskasa baita. Horren ordez, jabetzaren erregistroko oharrak egokiagoak direla uste du: «Zerrendetan ageri den lerro bakar horrekin ez zoaz inora; informazio horrekin nork jo dezake auzitara? Oharretan, berriz, zehazten da zer ondasun eta zer eranskin dauden erregistratuta, zer eremurekin duen muga, zer azalera duen, zer urtetan egin zen erregistroa...».

Bide «arriskutsua»

Aitzitik, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak aldarrikatu du orain eman den pausoari esker ondareok itzuli ahal izatea aldarrikatzeko aukera ireki dela, baina Valentinek salatu du hori irtenbide «arriskutsua»izan daitekeela. Zerrendan, orotara, 34.961 ondasun ageri dira: «Zer sustatu nahi du Calvok, gutxienez 35.000 salaketa jartzea epaitegietan? Ondare horietako gehienen jabeak udal txikiak dira, eta ez dute baliabiderik auzi luze eta garesti bati aurre egiteko». Gaineratu duenez, Calvoren adierazpenek ulertaraz dezakete auzitara jotzen ez duenak ontzat jotzen duela egungo egoera. Horregatik, plataformak egokiago ikusten du «lege edo dekretu bidez» immatrikulazio aurreko egoerara itzultzea.

Bide malkartsu horretan, Nafarroan aurreratuta daude. 2019an, parlamentuak gobernuari eskatu zion erregistroetako oharrak eskuratzeko, «era desegokian immatrikulatu diren ondasun komunalak berreskuratzeko asmoz». Valentinen arabera, orain Nafarroako Gobernua lurraldeko jabetza erregistroekin lanean ari da ohar horiek lortu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.