Immatrikulazioak

Eliza atzera egitera behartzeko konpromisoak hartzeko eskatu diete alderdiei

Nafarroako Ondarearen Defentsarako plataformak ikatza banatuko dio ostiralean Artzapezpikutzari.

Muskildako baseliza. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2022ko abenduaren 27a
13:56
Entzun

Urteko balantzea egin du Nafarroako Ondarearen Defentsarako plataformak. Elkarteak lanean jarraitu du Elizak bere asmoetan atzera egin dezan, eta, Andres Valentin eledunaren arabera, gaiari garrantzia ematea lortu dute. Hala ere, Zangozako baselizaren, Otsagabiko Muskilda baselizaren eta Uxueko baselizaren jabegoa Artzapezpikutzarena dela ebatzi dute epaitegiek. «Zartako judizialtzat» jo dituzte epaiak.

Iruñean agerraldia egin dute plataformako kideek. Politikoki, gogorarazi dute Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiek, PSOEk eta Unidas Podemosek, ez dutela hitza bete. Andres Valentinen arabera, bi alderdien egitarauetan zetorren immatrikulazioetan atzera egiteko lege aldaketak bultzatuko zituztela, baina «horren inguruan ez dago ezer». «Egoera hau salatu duten norbanakoak eta tokiko erakundeak bakarrik utzi dituzte immatrikulatutako ondareak berreskuratzeko auzietan».

Hala, datorren urteko foru eta udal hauteskundeetan egoera horretan atzera egiten laguntzeko konpromisoak hartzeko eskatu diete taldeei, eta Madrilgo gobernuan diren alderdiei «azalpenak ematea» galdegin diete.

Agerraldian gogora ekarri dute ostegunean ikatza banatuko diotela Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzari. Nabarmendu dutenez, «Nafarroak estatuko informazio hoberena du». Plataformaren arabera, Espainian «hutsune handiak» daude, 1998tik aurrerako jabegoen izen-emateak baino ez baitira ezagutarazi. «Badakigu, baina, askoz ere immatrikulazio gehiago egin zirela aurretik. Nafarroan, berriz, garai osoa dugu».

Prentsaurrekoan parte hartu du Jose Mari Esparzak. Hark ohartarazi du ondarearen egoera «inoiz baino okerragoa» dela, «Elizak ez baitu euro bat bera ere jarriko zaharberritze lanetan». Esparzak espero du herriek konponduko dutela egoera. Dena den, plataformak eskatu die udalei ondare hori ez zaharberritzeko, «presio egiteko modu bat izan daitekeelako». Esparzaren ustez, Elizaren ahulgunea da «3.000 ondare» dituela egoera txarrean. «Ezin dio eutsi horri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.