Bizkaiko lurraldearen gaur egungo egoera sozioekonomikoari errepaso luze-zabala eman dio Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak gaur, Gernikako Juntetxean egindako Batzar Nagusien politika orokorreko osoko bilkuran. Bertan berretsi du Etxanobek haren foru gobernuak Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aldeko egitasmoarekin jarraituko duela, eta egiten dena ez dela «busturiarren kalterako» izango, «mesederako baizik». Erantsi du «natura babestuz» egingo dela «kultur proiektu» hori, «marra gorria» izango dela hori.
Gogoratu du Bilboko Guggenheimek zer-nolako garrantzia izan duen «Bilbo eta Euskadi osoa» eraldatzeko. «Mundu osoan erreferente» bihurtu dela esan du, eta «herrialdearen zerbitzuan» dagoela, kulturatik abiatuta «ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko». Bada, garbi utzi du Urdaibaiko proiektua aurrera doala, «entzuketa prozesua» egingo duela foru gobernuak Busturialdeko eragileekin, eta biosferaren erreserban egiten dena «ingurumena hobetzeko» izango dela: «Ez dugu egingo ezer Busturialdeko herritarrei kalte egingo dienik».
Etxanobek ekonomia jarri du bere gobernuaren politikaren ardatzean, «enplegua bizitza proiektuak aurrera eramateko ezinbestekoa» baita, eta «enpresak enplegua sortzeko ezinbestekoak», aldi berean. Horra iritsita, enpresei buruz «deabruak balira bezala» hitz egiten dutenak salatu ditu.
Oro har, Bizkaia «ondo» dago, haren ustez, «kalitatezko zerbitzu publikoak» dauzka, eta lurralde «orekatua» da. Ekonomia datu makroen distira azpimarratu du Etxanobek, baina «behar gehiago dituztenak ere» badirela aitortu du, «enplegu bila dabiltzanak». Horiek ere «kontuan hartzen» ditu foru gobernuak haien «enplegagarritasuna» hobetzeko; aitzitik, Etxanoberen arabera, «behar gehiagoko» pertsona horiek egoteak ez du esan nahi «irudi katastrofista bat» helarazi behar denik lurraldeaz hitz egitean.
Adin txikikoak eta kontzertua
Atzerritik bakarrik heldutako adin txikikoez ere aritu da Etxanobe, eta ozen esan du Bizkaiko zerbitzuak «mugara» heldu direla, adin txikikoak «kontrolik gabe» heltzen ari direla, eta «arriskuan» dela aldundiak pertsona horiek «kalitatez» gizarteratzeko duen helburua, Bizkaiko «hamasei zentroetan pertsona gehiegi» baitaude. Espainiako Gobernuari esan dio bere «ardurari izkin ez egiteko» eta «zentzuzko planifikazioa» egiteko bakarrik datozen atzerriko adin txikikoen kudeaketan.
Bestalde, bat egin du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek berriki kontzertu ekonomikoaren alde egin duen defentsarekin, «ez da-eta pribilegioa». Gogoratu du «gure eskubide historikoetan» ainguratuta dagoela Hego Euskal Herriko lurraldeei zergak biltzea ahalbidetzen dien sistema. Eta ohartarazi du Bizkaiari kudeatzea dagozkion «zerga guztiak» eskatuko dituela aurrerantzean ere, «kontzertua gaurkotuz». Horrekin lotuta, berretsi du foru gobernuak zerga sistema «doitzeko» proposamena aurkeztuko duela, eta aurten bertan egingo duela hori. Sistema «eraginkorra» da, «oparoaldietan, orain bezala, eta krisi garaietan ere bai», baina, ahaldun nagusiaren arabera, «egokitu» egin behar da, lagungarriagoa izan dadin «Bizkaiak dituen erronkak» gainditzeko: kasurako, trantsizio energetikoan eta digitalizazioan.
Guggenheim eta erabakitzeko eskubidea
EH Bilduko bozeramaile Iker Casanovak esan du ez duela «diskurtso katastrofistarik» egingo, baina «formetatik harago», berritasuna eskatu dio ahaldun nagusiari, aurrekoengandik jaso dituen proiektuak «gaizki zahartu» direlako. Aurpegiratu dio aditzera eman duela Urdaibaiko Guggenheim «nahitaez» egingo dela. «Hori al da elkarrizketa sustatzeko modua?», itaundu dio. Proiektu hori egingo den ala ez non erabakiko duten ere galdetu dio: «Sabin Etxean ala Busturian?».
Koalizio abertzaleko eledunak esan duenez, «turismo proiektu handi bat» baizik ez da foru aldundiak biosferaren erreserban bultzatu duen proiektua, «EBk gune babestu horiek lehengoratzeko emandako irizpideen aurka» doana, noiz-eta turismoak sortzen dituen arazoak «inoiz baino ageriago» dauden garaiotan. «Edonola ere, EH Bildu prest dago Busturiko herritarrei hitza emateko. Zuek ere bai?».
Bukatu aurretik, Casanovak estatus berri baten inguruko iritzia eskatu dio Bizkaiko ahaldun nagusiari, «estatuarekin izan behar dugun harremanaren eztabaida» mahai gainean jartzen ari delako. «Erabakitzeko eskubidean oinarriturik, aldebikotasunean aurrera egitearen inguruan» Etxanobek zer uste duen jakitea «egokia» iruditzen zaio Casanovari, hain justu Gipuzkoan EH Bilduk eta EAJk adostu dutenean erabakitzeko eskubidearen defentsa egitea, batzarkideek onartutako mozio batean.
Etxanobek berriro txanda hartzean erantzun dio. Ahaldun nagusiak zer nahi duen azaldu dio: «herri honen gehiengoak erabakitzea» zer-nolako arkitektura instituzionala nahi duen; «Espainiaren eta Euskadiren arteko harremanean noraino heldu nahi duen», alegia. Baina, azaldu duenez, «iritzi pertsonala» da hori, «Bizkaiko foru gobernua bi bazkidek osatzen baitute».
PSEko ordezkari Goyo Zurrok azpimarratu du berdintasunaren aldeko eta aberastasuna hobeto banatzeko politikak bermatuko dituela bere alderdiak; esaterako, garraioan. PPko Raquel Gonzalez, berriz, atzerritik bakarrik iritsitako adin txikikoei buruz aritu da. Ahaldun nagusiari «adorea» eskatu dio «ezetz» esateko, baldin eta Bizkaiak ezin baditu hala dauden adin txikiko gehiago jaso. «Adingabe horiek adin nagusikoak egiten baitira, eta etxeak okupatzen dituzte, nonbait bizi behar dutelako».
Elkarrekin Podemoseko Eneritz Madariagak egin behar duten zerga erreforma izan du hizpide, «aberatsen aldekoa delako, kapitalari mesede egiten diolako eta lanaren errentari kalte». Azpimarratu du foru aldundiaren irizpide garrantzitsuena «aberastasuna hobeto banatzea» beharko lukeela.