Elisa Loncon Antileok jasoko du Rene Cassin saria

Txileko komunitate indigenen alde eginiko lanagatik saritu du epaimahaiak. Herrialde hartako biltzar konstituziogileko presidentea da egun

Iosu Alberdi.
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Elisa Loncon Antileo (Lefweluan, Txile, 1963) ekintzaile eta politikari txiletarrak jasoko du aurtengo Rene Cassin saria, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde Jose Antonio Rodriguezek jakinarazi duenez. Lonconek arlo akademikoan eginiko lanaz gain, «Txileko komunitate indigenekiko gizarte lanean» izandako dedikazioa txalotu du Jaurlaritzak: «Haren profilak adierazten du zer-nolako dedikazioa izan duen bizitza osoan balio batzuk defendatzeko».

Loncon Lefweluan komunitate maputxean hazi zen, eta handik La Fronterako Unibertsitatera jo zuen. Ingeleseko irakasle izateko titulua lortu ostean, Hagako Gizarte Ikasketen Institutuan eta Kanadako Reginako Unibertsitatean aritu zen ikasten. Hizkuntzalaria da, eta mapudungun hizkuntza irakasten aritu da, Santiagoko Unibertsitatean, besteak beste. Egun, ordea, Txileko biltzar konstituziogileko presidentea da Loncon, eta munduan eraginik handiena duten 25 emakumeen zerrendan sartu du Financial Times egunkariak oraintsu. «Ospe handiko emakumea», borobildu du Rodriguezek: «Jatorriaz harro dagoena».

Bakearen Kultura fundazioak aurkeztu zuen Lonconen hautagaitza, eta, Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendari Monika Hernandok azaldu duenez, «Euskadiko, estatuko eta nazioarteko hamar erakundek baino gehiagok» babestu dute.

Loncon elkarrizketatu zuen BERRIAk ekainean, biltzar konstituziogileko lehendakaritzarako hautagai zela. Orduan, adierazi zuen konstituzio berria osatzeko prozesuak bidea izan beharko lukeela maputxeek euren patua erabakitzeko. Izan ere, Txileko herri indigenen ezberdintasun kultural eta linguistikoen aitortza lortzeari emana egin du bere ibilbide profesionala.

Gazteei deia

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira bultzatutako kanpaina ere aurkeztu du Jaurlaritzako Berdintasun Sailak. Aurten, «gazteek giza eskubideen defentsan duten zeregina» nabarmentzea da helburua, Gazte, zure unea da, hartu lekukoa lelopean.

«Giza eskubideak konkista bat dira, eta haien iraupenak guztion konpromiso aktiboa eskatzen du», esan du Rodriguezek. Izan ere, haren ustez, «arrisku eta mehatxu» egoera bat da egungoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.