Elhuyarrek prentsa ohar baten bidez jakinarazi du Elia itzultzaile automatiko neuronalari TTS teknologia txertatu diotela, eta ahotsa duela orain; entzun egin daitezke proposatzen dituen itzulpenak. Gogora ekarri du lau urte bete dituela tresnak, eta «hobekuntza» eta «berrikuntza» nabarmenak erantsi dizkiotela.
Elhuyarren arabera, TTS teknologiaren bidez, testu bat itzultzeko eskatzeaz gain, irakurtzeko agindu dakioke orain Eliari. Horretarako, bozgorailuaren irudia duen botoia sakatu behar da, eta ahots bat hautatu behar da; esaldiz esaldi eta urdinez nabarmenduta ageri dira entzun daitezkeen esaldiak. Sei hizkuntzatako ahotsak dauzka integratuta: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galizieraz dihardu.
Azaldu dutenez, oraingoz webgunean dago erabilgarri aukera hori, eta sakelakoetan eta mahaigaineko aplikazioetan erabili ahal izango da aurrerago. Tresnaren aukerak asko ugaritu dira lehendik ere. Erabilera datuak ere gora ari dira. 2022tik webgunearen bisitak %33 ugaritu dira; erabiltzaile kopurua %12 handitu da.
Era berean, Telegram mezularitza aplikazioan txertatu dute Elia, komunikazio eleaniztuna errazteko. Hartara, Eliak eskaintzen dituen sei hizkuntzetako edozeinetara itzul daiteke Telegram bidez jasotzen diren mezuak.