Elhuyarren Elia itzultzaileak ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera garatu du

Sei hizkuntzatan erabil daiteke itzultzailearen funtzionalitate berria. 2023tik 2024ra %42 emendatu da Eliaren erabilera.

Elhuyarren Elia itzultzailea, telefono batean. ELHUYAR
Elhuyarren Elia itzultzailea, telefono batean. ELHUYAR
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko urtarrilaren 29a
11:12
Entzun

Elia itzultzaile automatikoak ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera emanen du hemendik aitzina. Itzultzaileak bost urte bete dituen honetan eman du berrikuntzaren albistea Elhuyar fundazioak. «Elia, itzultzaile soila izan ondoren, entzuteko eta hitz egiteko gai den tresna bihurtu da, Elhuyarrek garatutako punta-puntako hiru teknologia integratuta: hizketa-ezagutza (transkripzioa), itzulpen automatikoa (itzulpena) eta hizketa-sintesia (ahotsa)», adierazi dute ohar batean. Horrez gain, frantsesarekin eta ingelesarekin egiten dituzten itzulpenen kalitatea hobetu dutela jakinarazi dute, eta erabiltzaileek itzulpenen gaineko iritzia emateko aukera ere gehitu diote tresnari.

Elhuyarren plataforma «arrakastatsuenetako bat» da Elia, fundazioaren hitzetan: 2023tik 2024ra, %42 emendatu da erabilera. Iaz, TTS teknologia txertatu zioten tresnari, eta itzulpenak entzuteko aukera ezarri zuten; orain, ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera gehitu diote. «Berrikuntza hauekin guztiekin, euskararen garapen teknologikoarekin duen konpromisoa berretsi du Elhuyarrek, gizartearen eta eleaniztasunaren mesedetan», adierazi dute. 

Ahots bidezko itzulpenak egiteko, aski da mikrofonoaren irudia duen botoia sakatzea, itzultzailearekin hitz egiteko erabiliko den hizkuntza hautatzea eta hitz egiten hastea. Eliak emaitza testu bidez edo audio bidez emango du ondoren, itzulpenerako hautatutako hizkuntzan. Sei hizkuntza erabil daitezke orotara. Oraingoz, webgunean baizik ez da erabilgarri tresna berria, baina laster telefonoetarako eta mahai gaineko aplikazioetarako ere prestatuko dute.

Azkenik, itzulpenen gaineko iritzia emateko tresna bat ere txertatu diote itzultzaileari. Hatz lodia gora eta hatz lodia behera emotikonoak hautatuz, erabiltzaileak modua izanen du itzulpena egokia den ala ez errateko. Blog bat ere ireki dute, itzultzailearen funtzionalitate guziak eta garatzen dituzten berriak azaltzeko. 

Elhuyarrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du ahotsa testu bihurtzeko lanak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.