Euskal Herriko bost gaztetik batek osasun mentaleko arazo bat du diagnostikatuta, eta azken urteetan antsiolitikoen kontsumoa sei aldiz handitu da gazteen artean, bereziki, 11-12 urteko gazteen artean. Elhuyarrek emandako datuak dira. «Badago kezkatzeko arrazoirik», azaldu du Jon Abrilek, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak. «Beraz, gizarte eragileei, administrazioei eta gizarteari dagokigu erantzun bat ematea eta, batez ere, gazteen beharrei arretaz entzutea».
Erantzuteko modu bat da Elhuyarrek —Danobatgroupen laguntzarekin— sortu duen proiektua: Zurrunbiloa. Gazteen osasun mentala zertan den gertutik jakiteko eta gazteei arretaz entzuteko egitasmoa da. Gaur goizean aurkeztu dute, Donostian. Zurrunbiloa zergatik? «Zurrunbiloak espiral bilakatu behar ditugu; izan ere, bizitza ez da lineala, eta zurrunbiloek aukera ematen digute aldatzeko eta mugimenduaren bidez hazteko». Horrela azaldu du izenaren zergatia Maitane Ormazabal psikologoak.
Aurkezpenean parte hartu dutenek agerian utzi dute gazteek gero eta gehiago sentitzen dutela gizarteak egiten dien presioa, eta erronka bat dela horri aurre egitea. Horretarako lagungarri izan daiteke Zurrunbiloaren moduko proiektu bat. Aroa Colasek, proiektuan parte hartu duen gazte batek, onartu du bera gaizki zegoenean horrelako zerbait behar zuela; norbaitek bere egoera kontatzea eta ulertua sentiaraztea, hain zuzen.
Proiektua hiru fasetan banatu dutela azaldu du Garazi Andonegik, proiektuaren arduradunetako batek: lehenengo fasean, bost dokumentaleko serie bat osatu dute adituen laguntzarekin eta lau gaztek emandako testigantzekin; bigarren fasean, Elgoibarren —Danobatgroupek egoitza duen Gipuzkoako herrian— herri mailako diagnostiko bat egingo dute; eta hirugarren fasean, ateratako ondorioetan oinarrituta, trebakuntza espezializatuak emango dituzte, herri mailako hausnarketa prozesu zabalago bat abian jartzeko.
Lehen faseak ETBren babesa izan du, eta dokumentalak ETBn eta Primeran plataforman ikusi ahalko dira. Lehena, gaur gauean, 23:45ean, ETB1en. Webgunea ere badute: zurrunbiloa.eus. Bertan, besteak beste, gazteen lekukotzak, gurasoentzako informazioa, adituekin elkarrizketak, informazio praktikoa eta artikuluak daude.
Gazteen ahotsak
Proiektuan ekoitzitako ikus-entzunezkoek lau gazteren testigantza zuzenak eta hamar adituren iritziak jaso dituzte. Hauek dira gazteak: Aroa Colas (18 urte), Laura De la Iglesia (24 urte), Eneko Sagastume (23 urte) eta Garazi Olaizola (22 urte). «Beren burua berregin dute», eta ikasitakoa kontatu nahi izan diete gainerako gazteei.
Colasek nerabeei erakutsi nahi die ez daudela bakarrik, eta barruan duten arazoa kanpora atera behar dutela, beldurrik izan gabe. De la Iglesiak Colasen ideiarekin bat egin du, eta gazteei esan die laguntza behar izanez gero eskatu behar dutela eta beldurrik gabe hitz egin behar dutela. Sagastumek dio bere helburua sufrimendua ez ezkutatzea dela: gizarteari erakustea eta besteei ikusaraztea ez dela ezer gertatzen gaizki egoteagatik. Gizarte «osasuntsuagoa eta naturalagoa» sortzen lagundu nahi du. Olaizolaren ustez, bere testigantzak pertsona askori laguntzeko aukera ematen du. Gainera, onartu du proiektuan parte hartzeko arrazoi nagusietako bat izan dela gaizki zegoenean beste pertsona baten testigantza entzun nahiko zukeela, bakarrik ez sentitzeko.
Ormazabalek hiru ideia desberdin azpimarratu ditu. Lehenengoa, «sufrimendua anestesiatzeari» utzi behar zaiola: «Mina eta sufrimendua ez dira bizitzaren akatsak edo zuzendu beharreko arazoak; aitzitik, sufrimenduak benetan eraldatzen gaitu». Bigarrena, nerabezaroa oraindik ez dela behar bezala ulertzen eta ez dela errespetatzen. Hirugarrena, osasun mentala eta emozionala ez direla soilik norbanakoarenak, arazoa gizarte osoaren ardura dela: «Ez da soilik nola sentitzen garen, baizik eta gizartea nola eraikitzen ari garen, zein espazio sortzen ditugun eta nolakoa den elkarren arteko zaintza».
Makina-erremintak garatzen dituen Danobatgroup enpresaren babesarekin heldu dio erronkari Elhuyarrek. «Gazteen munduan sufritzen ari diren egoera bat da, baina helduen mundutik dator», azaldu du Jose Antonio Hidalgok, Danobatgroupeko lehendakariordeak.