teknologia

Elhuyarrek sarean jarri du erabilgarri Aditu hizketa ezagutzailea

Audioak eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpidazteko plataforma bat da, elebiduna.

Igor Leturia eta Jon Abril Elhuyarreko kideak, gaur, Donostian.
2020ko martxoaren 12a
16:51
Entzun

Elhuyarrek Aditu bere hizketa ezagutzailea aurkeztu du, Donostian, audioak eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpidazteko plataforma. Elhuyarreko I+G lantaldeko ikertzaileek garatu dute, punta-puntako teknologia erabiliz. Tabakaleran egindako agerraldian, Igor Leturia proiektuaren arduradunak azaldu du hizketaren ezagutzaren arloko teknologiarik berritzaileenak erabili dituztela Adituren garapenean; hala nola sare neuronalak eta adimen artifiziala, eta euskara eta gaztelania ulertzeko eta prozesatzeko gai dela nabarmendu du.

Aditu elebiduna da, eta euskarazko eta gaztelaniazko transkripzioak eta azpidatziak sortzen ditu, aurrez grabatutako fitxategietatik nahiz zuzenekoetatik. Audio fitxategiak, bideo fitxategiak eta sareko audio eta bideoetarako estekak prozesa ditzake. Horrez gain, aldibereko transkripzioak ere egiten ditu; hala, mikrofonotik hitz egitean zuzenean testu idatzia eskuratzeko aukera ere eskaintzen du.

Transkripzioen testuaz gain, azpidatzien fitxategiak ere sortzen ditu (VTT zein SRT formatuan), eta transkripzioa hitz bakoitzaren denbora markekin ere eska dakioke, bideoetan bilaketa aurreratuak egiteko, adibidez. Plataformak berak, gainera, ediziorako interfaze bat du, Adituk automatikoki sortutako transkripzioak eta azpitituluak eskuz zuzendu ahal izateko.

Aditu.eus webgunean bertan erabil daiteke Aditu, eta aukera ematen du beste gune eta plataforma batzuetan txertatzeko ere, bezeroen beharretara egokitu ahal izateko. Guztiz konfidentziala da sistema, eta malgua, bezeroen aplikazioetara egokitu ahal izateko, haien datuak modu seguruan eta berme osoz kudeatuz.

Aditu hizketa ezagutzailea eremu askotan aplika daiteke, eta bereziki erabilgarria da ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorean (dokumental eta saioen azpitituluak, elkarrizketen grabazioen transkripzioak), administrazio publikoan (udalbatzarren edo bestelako bileren aktak jasotzeko), pertsonen eta makinen arteko elkarrekintzan, (4.0 industriako hizketaz gidatutako makinak, domotika, elkarrizketa agenteak eta laguntzaile birtualak, dei zentroak) eta irisgarritasunean (diktaketa sistemak).

Bizitasun digitala

Jon Abril Elhuyarreko zuzendari nagusiak esan du erraldoi teknologikoen estrategiatik eta merkatu interesetatik kanpora daudela euskararen gisako hizkuntzak, eta garrantzitsua dela Adituren moduko baliabideak garatzea Euskal Herrian. «Euskarak bizitasun digital ona izatea nahi badugu, ezin ditugu erraldoi horiek egingo dutenaren edo egingo ez dutenaren menpe utzi gure hizkuntzarentzat giltzarriak diren garapen teknologikoak. Hortaz, ezinbestekoa da gure estrategia propioa garatzea eta burujabetza teknologikoan sakontzea».

Hizkuntza teknologietan eta adimen artifizialean ikerketa eta garapena egiteko «plan anbiziotsu bat» martxan jartzeko eskatu die Abrilek erakundeei, Adituren gisako tresnak garatu ahal izateko, «horrek ekarriko baitizkio aukera berriak euskarari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.