Itzelezko saltoa izan zen batentzat baino gehiagorentzat poltsikorako hiztegia, soinean eraman zitekeena. Baina bazuen hark ere eragozpenik, mugatua baitzen. Ez zen orri txiki haietan hitz askorik sartzen. Ez, behintzat, zalantzak beste hitz. Baina aldatu egin da hori. Smartphone sakelakoetan hiztegi astunenetan beste hitz kontsultatzeko aukera izango da aurrerantzean, Elhuyar Fundazioak bost hiztegi jarri baititu eskura sakelako telefono horien erabiltzaileentzat.
Atzo aurkeztu zuten aplikazio berria, Europako Hizkuntzen Egunarekin bat eginez. Euskara-gaztelania/gaztelania-euskara kontsultetarako baliatzen den hiztegia, hitzak euskaratik ingelesera eta frantsesera itzultzeko balio dutenak, Sinonimoen Kutxa eta Ikaslearen Hiztegia lortu ahal izango dira Android eta iPhone plataformetan. Nola eskuratu aplikazioak? Android Market eta App Store Internetbidezko dendetan zein www.elhuyar.org/hiztegiak-mugikorretan helbidean eros daitezke, eta bada erosi aurretik demo bertsioen bidez probatzea ere. Hemeretzieuro balioko du euskara-gaztelania /gaztelania-euskara hiztegiak, eta bederatzina euro gainontzekoek.
Erabiltzaileak jarraika
Ibilbide luzea egin du Elhuyar Fundazioak hiztegigintzan. 1996an argitaratu zuten lehen hiztegia, eta dozena bat baino gehiago kaleratu ditu geroztik: elebakarrak, elebidunak eta teknikoak. Hainbat formatutan egin ere: hiztegi edo liburu gisa, CDan, Interneten, plug-in moduan eta, orain, smartphone sakelako telefonoetan. «Euskararen garapenerako, beste hizkuntzen parean egoteko, ezinbestekoa da erabiltzaileek darabiltzaten plataforma eta euskarrietan egotea», adierazi zuen atzo Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusi Itziar Nogerasek aurkezpenean. Jakinarazi zuen hamar lagunetik lauk dutelasmartphone sakelakoa, eta horien prezioa murrizten den heineangehiagok edukiko dutela.
Azken urte osoa eman du Elhuyarreko lantaldeak bost hiztegi horientzako aplikazioa lantzen. Eta datorren urterako erronkak finkatu dituzte dagoeneko: batetik, duela bi urte argia ikusi zuen Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren hiztegi entziklopedikoaren smartphone sakelakorako aplikazioa garatuko dute; eta, bestetik, sei hiztegien tabletetarako aplikazioak sortzeko asmoa ere badute. Elhuyar Fundazioko Hizkuntza Zerbitzuen Saileko arduradun Josu Aztiriak ohartarazi zuenez, gailu horiek gero eta zabalduago daude gizartean, eta laster egongo dira askoren esku. Funtseangutxi batzuek baliatuko duten tresna bat eskaini baino gehiagoahal bezainbeste jenderengana heltzen saiatuko direla azaldu zuen Aztiriak.
Elhuyar hiztegiak poltsikoan, iPhone eta Android bidez
Elhuyar fundazioak iragarri du sei hiztegiren tabletetarako aplikazioak sortzeko asmoa duela datorren urterako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu