Euskara

Elhuyar hiztegiak 25 urte bete ditu, eta webgunea eta aplikazioa berritu ditu

Diseinu moderno eta berritzailea emateaz gain, Elhuyarrek kontsulta sistema erabilerrazagoa gehitu dio hiztegiari.

Elhuyar hiztegiaren webgune berriaren itxura.
Berria
2021eko irailaren 15a
13:00
Entzun

Elhuyarren ikurretako batek, Elhuyar hiztegiak, 25 urte bete ditu aurten, eta, hori ospatzeko, hiztegia kontsultatzeko webgunea eta gailu mugikorretarako aplikazioa berritu ditu fundazioak. 1996an hasi zen Elhuyarren euskara-gaztelania hiztegi elebiduna Euskal Herriko ikastetxe, liburutegi eta etxeetako apalategietan lekua hartzen, eta erreferente izan da geroztik, bai euskaraz lan egiten duten profesionalentzat, bai euskara ikasten eta irakasten ari direnentzat ere.

25 urteotan, papereko edizio bat baino gehiago izan du euskara-gaztelania hiztegiak, eta geroago euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa hiztegiak heldu ziren. 1999an, paperetik digitalerako saltoa egin zuen hiztegiak, eta, 2013tik, kontsultak hiru hiztegietan batera egin daitezke, ordenagailu eta gailu mugikorren bidez.

Hiztegiak 25 urte bete dituela ospatzeko, webgunea eta mugikorretarako aplikazioa berritu ditu orain Elhuyarrek, eta diseinu moderno eta berritzailea emateaz gain, kontsulta sistema erabilerrazagoa gehitu dio, eta hiztegiko sarrerak Interneteko adibide errealez hornitu, Dabilena web-corpusen atariari esker.

Elhuyarren hiru hiztegi elebidunak kontsulta daitezke webgunean, eta, bilaketak euskaratik eginda, hiruretako emaitzak batera ikusteko aukera eskaintzen du. Halaber, kontsultagai daude ere fundazioak euskaraz egoki idazten eta hitz egiten laguntzeko argitaratzen dituen gomendioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.