Emaitza hertsia utzi du Senpereko (Lapurdi) bozen lehen itzuliak. Bernard Elhorga zentro eskuineko hautagaiak eskuratu du lehen lekua 1.115 boz bilduta, baina hurbil du abertzaleak biltzen dituen zerrenda zabala: 1.080 herritarrek bozkatu dute Christophe Jauregiren alde. 35 bozen aldea da bi hautagaien artean. Dominique Idiart auzapez ohiak urrunago bukatu du hirugarren lekuan, 891 boz erdietsita. Atzo arratsean egindako adierazpenen arabera, hiruak lehiatuko dira heldu den iganean iraganen den bigarren itzulian.
2020ko ekainean izan ziren herriko bozak Ipar Euskal Herrian, eta Dominique Idiart hautatu zuten Senpereko auzapez, Senpere Bai taldeko abertzaleekin aliantza egin ondotik. Baina haren kudeaketak desadostasunak sortu ditu azken urteetan, eta bere taldeko bost hautetsik dimisioa aurkeztu zuten iazko urrian. Senpere Bai taldeko bost hautetsik dimititu zuten ondotik, eta oposizioko zazpiek segidan.
Atzo iragan zen lehiarako hiru hautagaitza aurkeztu ziren beste behin, baina indarrak desberdin banatuta, dimisioa eman zuten Idiarten taldeko bost hautetsi ohiak Senpere Bai taldekoekin batu baitziren. Heldu den igandeko bozetatik aterako den herriko kontseiluak 2026 arteko agintaldia izanen du.