Emaitza hertsia utzi du Senpereko (Lapurdi) bozen lehen itzuliak. Herriko kontseiluko hamazazpi hautetsik dimisioa eman ondoren, hiru zerrendaren artean hautatzera deituak ziren senpertarrak. Bernard Elhorga zentro-eskuineko hautagaiak eskuratu zuen lehen lekua 1.115 boz bilduta, baina hurbil du abertzaleak biltzen dituen zerrenda zabala: 1.080 herritarrek bozkatu dute Christophe Jauregiren alde. 35 bozen aldea da bi hautagaien artean.
Dominique Idiart auzapez ohiak urrunago bukatu du, hirugarren lekuan, 891 boz erdietsita. Abstentzio handia izan zen, halaber, herritarren %43 ez baitziren bozkalekuetara agertu. Igande arratsean egindako adierazpenen arabera, hiru hautagaiak lehiatuko dira heldu den igandean iraganen den bigarren itzulian.
2020ko ekainean izan ziren herriko bozak Ipar Euskal Herrian, eta Dominique Idiart hautatu zuten Senpereko auzapez, Senpere Bai taldeko abertzaleekin aliantza egin ondotik. Baina azken urteetan arrakalak sortu dira gehiengoan, eta hautetsi batek baino gehiagok desadostasunak agertu ditu auzapezaren kudeaketari buruz. Idiarten taldeko bost hautetsik dimisioa aurkeztu zuten iazko urrian, auzapezarekin zituzten gorabeherak plaza publikora eramanez. Senpere Bai taldeko bost hautetsik dimititu zuten ondotik, eta oposizioko zazpiek segidan. Hauteskundeak berriz egitea zen aukera bakarra.
Igandean iragan zen lehiarako hiru hautagaitza aurkeztu ziren beste behin, baina indarrak desberdin banatuta, dimisioa eman zuten Idiarten taldeko bost hautetsi ohiak Senpere Bai taldekoekin batu baitziren. Heldu den igandeko bozetatik aterako den herriko kontseiluak 2026 arteko agintaldia izanen du.
Elhorga nagusi Senpereko bozen lehen itzulian
Hamazazpi hautetsik dimititzeak behartu du herriko bozak berriz egitera. Hiru hautagaiak lehiatuko dira heldu den igandeko bigarren itzulian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu