Elgorri agerraldi bat dago Bizkaian

Hamabi kasu daudela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Harremanetan jarri dira kutsatuekin kontakturen bat izan dutenekin.

Basurtuko ospitalea, artxiboko irudi batean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Basurtuko ospitalea, artxiboko irudi batean. JAVIER ZORRILLA / EFE
jakes goikoetxea
2025eko urtarrilaren 16a
17:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hamabi elgorri kasu egiaztatu ditu Bizkaian. «Inportatutako kasu batetik» abiatutako elgorri agerraldia da. Gaixo daudenek bilakaera ona izan dutela jakinarazi du erakundeak, baita zaintza protokoloa abiatu dutela ere, elgorri kasu guztiak atzemateko, ikertzeko, karakterizatzeko eta kontrolatzeko.

Harremanetan jarri dira elgorriak kutsatutakoekin harremana izan dutenekin, egoera azaltzeko. Gomendioak eman dizkiete: harremanak eta jarduera sozialak mugatu ditzatela 21 egunetan, maskara erabil dezatela eta elgorriarenak izan daitezkeen sintomak zaindu ditzatela. Elgorriaren sintomak hauek dira: sukarra, eztula, exantemak (negelak azalean), konjuntibitisa eta mukiak pilatzea. Sintomaren bat izanez gero, etxean geratzeko eskatu diete, elgorriaren transmisio aldia amaitu arte.

«Gaixotasun arina»

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zehaztu dute elgorria, oro har, «gaixotasun arina» dela, eta txertoaren estaldura handia dela: %97,79koa lehen dosian, eta %92,44koa bigarrenean.

Egoera ikusita, herritarrei gomendatu diete berrikus dezatela beren txertaketa egoera, eta, behar izanez gero, egunera dezatela. Txertatu gabeak edo txerto bakarra jasotakoak ohikoagoak izan daitezke, Osasun Sailaren esanetan, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan jaiotakoen artean, beste txertaketa egutegi batzuk dituzten herrialde edo eskualdeetatik iritsitakoetan eta txertaketa estaldura txikiagoak dituzten herrialdeetako herritarretan.

Birus batek sortzen duen arnas gaixotasuna da elgorria. Pertsonatik pertsonara transmititzen da. Birusa pertsona kutsatuaren sudurrean eta eztarrian egoten da, eta airera bidaltzen du hitz egitean, eztul egitean edo doministiku egitean. Birusa sudurretik edo ahotik sartzen da arnasa hartzean edo, azalera kutsatu bat ukitu ondoren, eskua ahora eramatean. Izan ere, birusak bi ordu iraun dezake bizirik kanpoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.