Lurraldearen antolaketan eta hirien plangintzan espezializatutako geografoa da Marius Navazo (1977, Huesca, Espainia). Kataluniako Generalitatean hainbat plan sektorial sortu ditu, baita zenbait mugikortasun plan ere; Boston eta Cambridgeko udalekin ere lan egin du. Ikuspegi kritiko batetik begiratu dio emisio gutxiko eremuak ezartzeko Espainiako Gobernuak izan duen moduari.
Ingurumen ikuspuntutik, eraginkorrak dira emisio gutxiko eremuak ezartzeko neurriak?
Hirietako emisio mota batzuk gutxitzeko, eraginkorra da. Hala ere, gaur egun mahai gainean ditugun erronkei begira, autoek hirietan dakarten arazoa ez da soilik kutsadura lokala, ezta egiten duten zarata ere. Orain ezarri dituzten emisio gutxiko eremuak neurri jakin batzuetan bakarrik zentratzen dira: automobil parkearen berriztatzean. Eta berriz diot: horrek ez ditu konpontzen autoek hirietan sortzen dituzten arazoak.
Nola konpontzen dira, beraz, arazo horiek?
Bidea erraza da: auto kopurua murriztea. Auto elektrikoek auto arrunten leku bera hartzen dute, bizikletan dabilen jendearentzat arrisku bera dakarte, eta gizartearen zati batentzat eskuraezinakdira. Auto bat da, finean; garbiagoa edo ez, baina auto bat. Beraz, ez dator bat mugikortasun iraunkorrarekin, elektrikoa izan arren. Hori argi izan behar dugu. Dauzkagun arazo gehienen konponbidea ez da auto elektrikoak erostea.
Autoen industriari mesede egiten diote orain hartutako neurriek?
Irtenbidea autoak murriztea bada, nolatan ari dira automobil parkea berrizta dadila bultzatzen? Uste dut neurri horrek mesede handia egiten diola ibilgailuen industriari, bai, eta, aldiz, ez diot interes kolektibo handirik ikusten. Neurri horiek ezartzeak dakarren kostua eta herritarrentzako auto berriak erosteak dakarrena kontuan hartuta, onurak txikiak dira.
Neurri horrek errentarik apalenak dituzten herritarrei eragingo die gehien?
Zehazki, autoa erabiltzen duten errenta apaleko herritarrei eragingo die batik bat; errenta apaleko askok ez baitute autoa erabiltzen. Edonola ere, edozeinek ezin du erabaki autoa aldatzea. Alabaina, badaude gizarte osoari hein berean eragiten dioten neurriak, eta aplikatu daitezkeenak: kaleak eraldatzea, autobusentzako bide gehiago jartzea aparkalekuak jarri beharrean... Aparkalekuak murrizten badituzu, guztientzat murrizten dituzu, daukaten errenta daukatela; eta hori egitearen onurak ere guztiontzat izango dira.
Beraz, nolakoak izan beharko lukete neurriek?
Ingurumena zaindu nahi badugu, eta gizarte berdintasuna sustatu, hartzen ditugun neurriek ere norabide horretan joan behar dute. Nire ustez, emisio gutxiko eremuen neurriak, gaur-gaurkoz, ez du baldintza hori betetzen; itzal gehiegi ditu, eta onuraren bat izan dezakeen arren, ez du jomuga justifikatzen.
Hain zuzen, arauak dio auto jakin batzuei sarrera debekatu gabe ere sortu daitezkeela emisio gutxiko eremuak. Nola egin daiteke hori?
Laburbilduz, kaleen eraldaketa dakarten neurriak ezarrita: autoei lekua kendu, bizikletei, oinezkoei, zuhaitzei edo bankuei emateko; hau da, kaleei erabilera unibertsalagoa eta berdinzaleagoa ematea. Gainera, ingeniaritzaren ikuspuntutik, erabilera jasangarri horiek ez dute kongestiorik sortzen hirian. Bestalde, joko arauak aldatu behar dira. Kaleek arau batzuk dituzte, eta abantailak ematen dizkiete batzuei: abiadura, lehentasuna, batzuei denbora gehiago ematen dieten semaforoak... Horiek alda daitezke, interesatzen zaiguna babesteko. Horiek guztiak, gainera, udalen esku daude, eta ez dute inbertsio edo azpiegitura handirik eskatzen; ekonomikoak dira.
Marius Navazo. Geografoa
«Elektrikoak izanda ere, autoak ez datoz bat mugikortasun jasangarriarekin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu