Iñaki Subijana. EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea

«Elebitasuna ez da arrotza justizia sistemarentzat»

«Normaltasun demokratikoaren» seinaletzat dauzka Subijanak hainbat auziren inguruan epaitegiek eta sententziek jasotako kritikak, baina epaileen independentzia defendatu du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
2021eko maiatzean hartu zuen EAEko Auzitegi Nagusiko presidente kargua Iñaki Subijanak (Donostia, 1963). Aurretik Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko buru izan zen hamar urtez, eta, bidean, justizia errestauratiboan aditu bihurtu. «Sentipen onak» ditu zeregin berrian, justizia sistemarentzat «oso interesgarriak» diren proiektuetan murgilduta. Nabarmendu du ez duela hautatu epaile progresistaren abizena, baina ildo horretan doaz aipatu dituen helburu nagusiak: politika publikoen bidez justizia irisgarriago egitea, haurrak eta genero indarkeriaren biktimak babestea, eta komunitate elebidunean integratzea, besteak beste.

Debate handia eragin dute euskararen inguruko epaiek. Udal legearen arabera, udalek funtzionarioei eta azpikontratetako langileei hizkuntza eskakizunak ezartzeko eskumena dute. Epaitegiek ahalmen hori ken diezaiokete legeari?

Ezin ditut baloratu epai horiek, epaitegien independentzia errespetatu behar dudalako. Erabaki jakin batzuk kritikagarriak dira, baina niri justizia sistema osoaz hitz egitea dagokit, eta esan behar dut ahalegina egiten ari dela elebitasuna barneratzeko: epaile elebidunen kopurua hazten ari da, justizian hezteko proiektuak euskarazko lerro bat du, digitalizazio sistema egokitu dugu agiriak ele bitan edukitzeko... Justizia ez dago joera horretatik kanpo.

Ondo arrazoituta al daude epai horiek? Izan ere, batek argudiatu zuen euskara oso zaila zela, blog bat aipatuta...

Epaien argudioak eztabaidatzeko eremu naturala helegiteena da. Eta auzitan jarritako erabaki horietako batzuei ez zaie helegiterik jarri; beraz, irmo bihurtu dira, argudiook berriz ebaluatzeko aukerarik gabe. Dena den, batzuetan, gehiegi begiratzen diegu argudio osagarriei, eta ez hainbeste oinarrizko argudioei; eta oinarrizkoek justifikatzen dituzte erabakiak.

Diskriminatzailea izan daiteke hizkuntza gutxitu baten ezagutza eskatzea, hiztunei haren erabilera ukatu izan zaienean?

Epaia irakurri beharko litzateke hitzaren erabilera testuinguruan jartzeko. Diskriminazio hitza erabiltzen da, batez ere, kausarik gabe tratu desberdina ematen denean. Nire ustez, hor adierazi nahi da jarduera jakin batean hizkuntza eskakizun jakin bat ezartzea gehiegizkoa dela, eta ez hainbeste estigmatizazio bat dagoela eskakizun horiek betetzen ez dituztenen aurka. Alegia, eskakizunaren eta funtzioaren arteko lotura baloratu dute hor; eta balorazio hori eztabaidagarria da, noski.

Nola bizi dituzue halako kritikak barruan?

Normaltasun demokratikoaren parte da herritarrak kritiko izatea erabaki judizial eta argudio batzuekin. Hala ere, nik bereizketa bat egingo nuke: batetik, erabakiak, epaitegien independentziaren parte direnak; eta, bestetik, justizia sistema, gizarte elebidun batean integratzen saiatzen ari dena. Izan ere, elebitasuna ez da arrotza justizia sistemarentzat.

Ez al da gai deserosoa epaileentzat? Hizkuntza eskubideen inguruan sentsibilizazioa falta da?

Ez dut uste. Batzuetan, balorazio orokorrak egiten ditugu erabaki partikularretatik abiatuta. Epaitegietako eguneroko martxa ikusita, ez zait iruditzen sistema judizialak susmo txarrez ikusten duenik hizkuntza eskubideen auzia.

Aspaldi jarri ziren martxan justizia administrazioan euskara normalizatzeko planak. Epaiketarik egin al daiteke euskaraz?

Egin daitezke, baina, horretarako, epaiketan parte hartzen duten eragile guztiek euskaldunak izan behar dute, eta maiz euskaraz ez dakitenak ez dira epaileak. Dena den, politika publikoek beste dimentsio bat hartu dute denborarekin. Garai batean, mahai gainean jarri zen euskara ez zekiten epaileak beren arduretatik liberatzea, hizkuntza ikas zezaten, baina asmo hura bidean geratu zen, finantzaketarik ez zegoelako.

Euskararen auzian ez ezik, beste gai batzuetan ere badago mamu bat: justiziaren politizazioa. Auzitegien aldetik ba al dago joera bat legeak zuzentzeko?

Demokraziaren inguruko eztabaida klasiko bat da. Gobernuek zilegitasun ukaezina dute erabakiak hartzeko, baina erabaki horiek oinarrizko eskubideak murrizten badituzte, auzitegiei dagokie ebaztea murrizketa horiek beharrezkoak eta proportzionalak diren ala ez. Rol banaketa horretan, fiskalizatua denak tarteka ezinegona adieraztea logika demokratikoaren barruan dago. Baina horrek ezin gaitu eraman auzitan jartzera epaitegien legitimitatea. Erabakien norabidea eta argudioak jar daitezke auzitan, ez zilegitasuna. Eta hori ez da justizia politizatzea, baizik eta instituzioen arteko oreka mantentzea.

Zer gertatzen da epaitegi batek eskubideak murrizten baditu?

Gero eta gizarte konplexuagoak ditugu, eta, sarri, eskubideen arteko talkak gertatzen dira; beraz, neurtu egin behar da zein eskubidek duen balio gehiago. Pandemian halakoak ikusi genituen, adibidez, mugikortasun eta osasun eskubideekin. Eskubide murrizketa bat baino gehiago, haztatze bat dago hor: epaileak zehazten du zein eskubidek duen lehentasuna, eta zein puntura arte alboratu daitekeen lehentasunik ez duena. Balorazio horretan, aldeak egon daitezke interpretazioetan, kontserbadoretzat edo progresistatzat jotzen direnen artean. Hor daude desadostasunak: hemen eta leku guztietan.

CGPJ Botere Judizialeko Espainiako Kontseilu Nagusiko izendapenen blokeoak elikatzen al du justiziak interes politikoei erantzuten dien ustea?

Bai, kaltegarria da zilegitasun terminoetan. Dena den, CGPJ ez da organo judizial bat, baizik eta gobernu organo bat; beti ez dugu asmatzen herritarrei alde hori azaltzen, eta alderdien kuoten araberako osaera horrek mesfidantza eragiten du. Nire ustez, instituzioen eremua berreskuratu behar da. Auzi hori ebaztea ez baita gobernuko presidentearen eta oposizioko buruaren arteko kontu bat; Kongresuak eta Senatuak dute eskumena, horko presidenteek egin behar dute deialdia.

Justizia ezinbesteko zerbitzu publikotzat daukate herritarrek, adibidez, hezkuntza edo osasun sistemaren neurri berean?

Ez. Finantzaketan ere nabaritzen da: diru gehien ematen dutenetako bat da Jaurlaritza, baina ez da aurrekontuaren %2ra heltzen. Horregatik da garrantzitsua justizian heztea, gerora, herritarrek kalitatezko justizia bat aldarrika dezaten. Izan ere, botere politikoak adi dabiltza herritarren adierazpenetara: badakite ezin dituztela eremu batzuk ukitu, gizartean gatazka ez sortzeko, eta badakite justizia ez finantzatzeak ez duela protesta mugimendurik eragingo. Baina kalitatezko justizia bat kontrapisu bat da; kontrapisu horrek eragozten du boterea arbitrariotasunez erabiltzea, eta horrek dakar herritarren eskubideak babestea.

Justizia errestauratiboaren eredua aplikatzeko zer aukera dago orain?

Badugu gutxieneko egitura bat, beste erkidegoek ez dutena: justizia errestauratiboko zerbitzu publiko bat; eta badugu kultura juridiko pixka bat gaiarekin lotuta. Orain Jaurlaritzako Justizia Sailarekin abiatu dugun estrategia gauzatzen hasi behar dugu. Adibidez, zigorraren betearazpena bertan behera utzi daiteke, egindako kaltearen erreparazioari lotutako jarduerekin ordezkatuta. Erreparazioak ez du zertan ekonomikoa izan, sinbolikoa ere izan daiteke, edo prestazio bidezkoa, biktimak bere premietatik hala ebazten badu. Horrek ez du esan nahi justizia bigun bat denik: zorrotzagoa ere izan daiteke, egindakoaz ardura hartzera behartzen duelako akusatua.

Adingabeekiko eta genero indarkeriaren biktimekiko lanean, atzerapen handia pilatu du azterketa forentserako unitateak. Baliabide gehiago behar dira?

Bai. Egia da talde psikosozialek lan zama handia dutela. Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoak behin baino gehiagotan helarazi dio Justizia Sailari langile kopurua handitzeko premia. Eta hala da, Barnahus martxan jarri baino lehen ere; eredu horrek berekin ekarri beharko du auzitegiko psikologoek arreta azkarra ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.