Elebideren iazko txostena: 222 intzidentzia, gehienak esparru publikoan euskara ez erabiltzeagatik

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak gaur onartu du hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuaren 2023ko txostena. Jarritako 222 intzidentzietatik 176 izapidetu ziren.

Erabiltzaile bat Osakidetzan euskarazko arta jasotzen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Erabiltzaile bat Osakidetzan euskarazko arta jasotzen. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2024ko urriaren 15a
14:15
Entzun

Hizkuntza eskubideak urratuak izan direla uste badute edo eskubide horien inguruko zalantzarik badute herritarrei zuzenduriko zerbitzua da Elebide, Eusko Jaurlaritzarena. Gobernu kontseiluak gaur onartu du zerbitzu horren 2023ko txostena. 222 intzidentzia abiarazi zituzten guztira, eta horietako 176 izapidetu zituzten; horietako gehienak, 161, kexak izan ziren, euskara erabili ezinaren ondorioz herritarrek jarritakoak. Zehazki, kexen %98,8 euskara erabili ezinaren ondorioz jarri zituzten herritarrek.

Kexa gehienak, %91,3 hain justu ere, esparru publikoan gertatutako eskubide urraketekin lotuta abiarazi zituzten. Zehazki, %40,8, administrazio orokorrean izandako urraketak izan ziren, eta %31 tokiko administraziokoak. Intzidentzia kopuru osoan, iazko datuekin alderatuta, igoera bat egon da: hamar gehiago jaso dituzte.

Kexak askotarikoak izan ziren. Idatzizko harremanetan euskarazko informaziorik ez zutelako izan jarri zituzten 49 kexa, ahozko harremanetarako euskarazko solaskiderik ez zegoelako 43, hizkuntza paisaian ikusitako urraketekin lotuta beste horrenbeste, eta Interneten eta sare sozialetan ikusitakoengatik gainerakoak.

Osakidetzan

Urraketen gaineko kexa gehien jaso zituen erakunde publikoa Osakidetza izan zen, alde handiarekin: 26 izan ziren guztira. Atzetik, Euskotren: bost kexa jaso zituen. Euskalgintzan agerikoa da osasun sisteman gertatzen diren urraketekiko kezka. Eragile asko ari dira horren gainean ohartarazten, eta Euskalgintzaren Kontseiluak berak, Eusko Jaurlaritzak osasun itun bat hitzartzeko prozesua martxan duela eta, mezu bat plazaratu du: adierazi du euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko bideek ere «erdigunean» egon behar dutela prozesu hori taxuz garatze aldera. Osakidetzan euskararen erabilera normalizatze aldera, arlorako hirugarren plana dago egun indarrean. 2028ra bitarteko helburuak ditu jasota, baina euskalgintzako eragileen arabera, hor jasotako hainbat irizpide ere ez dira betetzen zenbaitetan.

Eusko Jaurlaritzako sailetan, Gobernantza eta Autogobernu Sailak jaso zituen kexa gehien: zazpi kexa. Tokiko administrazioetan 56 kexa jaso ziren guztira. Deigarria da: gehien-gehienak Bizkaiko udaletan eta haren menpeko erakundeen funtzionamenduaz ohartarazteko jarri ziren, 48 guztira. Igoera bat izan da, gainera: 2022an baino zortzi gehiago izan ziren. Estatuko administrazioari dagozkion entitateetan izandako urraketak ere salatu zituzten herritarrek: bederatzi.

Kexen %68,3k irtenbide «egoki bat» izan zutela jaso dute txostenean. Gainerakoak irtenbiderik eman gabe itxi ziren, edota, irtenbide bat eman arren, kexa jarri zuen herritarrak ez zuen ontzat jo.

2007tik ari da lanean Elebide. Hiru xede nagusi ditu: hizkuntza eskubideak sustatzea eta bermatzea, berme hori eraginkorra izateko prozedurak ezartzea, eta konponbideak ezartzeko ardura duten administrazioekin lankidetzan jardutea. Lehen urteetan erreklamazio kopuruak gorako joera izan bazuen ere, apurka-apurka behera egin dute horiek: lehenengo urteetako kopuruetan daude orain. Inoizko erreklamazio gehien 2015ean erregistratu ziren: 789. Ordutik, beherako joera argia izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.