Hizkuntza eskubideak

Elebidek 277 intzidentzia jaso zituen iaz, 2020an baino %12 gehiago

Urtez urte hazi egin da intzidentzia kopurua, 2019tik. Alor publikoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak jaso dituzte kexa gehien hizkuntza eskubideen urraketagatik.

Eremu publikoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren kontra jarritakoak dira kexa gehienak. JON URBE / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 13a
12:59
Entzun

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 277 intzidentzia jaso zituen iaz Elebide Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko zerbitzuak, aurreko urtean baino 31 gehiago. 2021ari dagokion txostena onartu du gaur Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, eta horrek erakusten du 2019tik aurrera urtez urte handitu egin dela jasotako intzidentzia kopurua. Iaz jasotakoetatik hemezortzi baliogabetu egin zituzten, «aurreko baten errepikapena edo errakuntzak zirelako», eta beste hogei, «intzidentzia izapidetzeko oinarri juridikorik ez zegoelako». Horrenbestez, 239 bideratu zituen Elebidek.

Kexak izan ziren gehienak —227—, eta horietatik %98,7 lotuta daude euskara erabiltzeko eskubidea urratu izanarekin. Esparru publikoan gertatutako eskubide urraketak dira gehienak, nabarmen: 190 guztira, %83,7. 37 kexa —%16,3— dagozkio esparru pribatuari, eta gainerako intzidentziak kontsultak, eskaerak eta iradokizunak izan ziren, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Ikusi gehiago: Pazienteen %20k esan dute arreta euskaraz jaso nahi dutela Osakidetzan

Gizonek aurkeztutakoak izan ziren intzidentzia guztien %61,8, eta emakumeek egindakoak, %28,6. Norbanakoek ez ezik, erakunde publiko zein pribatuek ere bideratu zituzten; %9,6 horiek egindakoak dira.

Kexa gehienak, erdiak baino gehiago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin izandako harremanaren ondorioz egindakoak dira. Eusko Jaurlaritzaren sailei zuzenean egindakoak dira 53. Osasun Sailak jaso ditu kexa gehien —20—, eta, haren atzetik, Segurtasun Sailak —12—. Jaurlaritzaren baitako erakunde publikoek jasotako kexak horietatik bereizi ditu Elebidek. Osakidetzak jaso zituen gehien horien artean —28—, nahiz eta, aurreko urteko kopuruarekin alderatuta, behera egin zuten. Eusko Trenbideak erakundeak zortzi kexa jaso zituen; Osatek, hiru; EITBk, bi; eta Lanbidek, beste bi.

Gora egin zuten, bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien kontra aurkeztutako salaketek. Arrazoia da, Elebideren arabera, Bizkaikoaren aurka aurreko urteetan baino kexa gehiago aurkeztu zirela. Igo egin ziren, halaber, Espainiako Estatuko adiministrazioari eta haren baitako erakundeei ezarritako kexen kopurua. Aurreko urtean baino hamar gehiago izan ziren. Tokian tokiko administrazioek, berriz, 45 kexa jaso zituzten, aurreko urtean baino bederatzi gutxiago.

Esparru pribatuko erakundeen kasuan, 37 kexa daude erregistratuta, 2020an baino bederatzi gehiago. «Zerbitzu unibertsaletan eta interes orokorreko zerbitzuetan» jazotako urraketen ondorio dira gehienak. Hala ere, Elebidek zehaztu du erakunde jakin batzuen aurka bideratutako kexak soilik onartu dituztela; legez zenbait hizkuntza betebehar betetzera behartuta dauden horien kontrakoak, alegia.

Gehienak, aurrez aurrekoak

Kexen tipologiaren berri ere eman du Jaurlaritzak. Idatzizko harremanean jazotako urraketak dira salatutako gehienak —59—, eta, batik bat, horien arrazoia da erakundeek gaztelania bakarrik erabili zutela herritarrekiko harremanean. Ahozko harremanean izandako urraketen ondoriozko salaketak 54 izan ziren, eta, batez ere, euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu izanagatik jarritakoak. 24 kasutan salatzaileek adierazi zuten ahoz zein idatziz urratu zitzaiela euskara erabiltzeko eskubidea.

Bestelako kexak ere badira txostenean. Esaterako, hizkuntza paisaian euskararen presentzia faltaren ondorioz jarritakoak. Era horretakoak dira 378. Interneten eta sare sozialetan izandako hizkuntza erabileraren ondoriozko urraketak 40 izan ziren, aurreko urtean baino hamazazpi gehiago.

Jarritako kexen zati handi bat —%44,9— «irtenbiderik gabe» itxi ziren, «erreklamatuak Elebidek bidalitako jakinarazpenei erantzun ez izanagatik». Kontrara, kexen %51,5ek «irtenbide egokia» izan zutela adierazi du Jaurlaritzak. Zortzi kexak ez zuten «irtenbiderik» izan, «herritarrak erreklamatutako entitatean emandako erantzuna ez zuelako onartu», azaldu du Jaurlaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.