Elebidek %15 gorabehera gehiago jaso zituen iaz

Hizkuntz eskubideekin zerikusia duten kexuak dira bildutako gehienak, eta administrazioaren urraketekin lotutakoak

Erredakzioa
Gasteiz
2013ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Hizkuntz eskubideen karietara, aurreko urtean baino gorabehera gehiagoren berri jaso zuen Elebide zerbitzuak iaz. Urtebetean, %15 handitu zen kopurua: 340 gorabehera jaso zituzten 2012an; hots, aurreko urtean baino 44 gehiago.

Hizkuntz eskubideak bermatzeko helburuarekin Eusko Jaurlaritzak sortutako zerbitzua da Elebide, eta, balantzeari erreparatuta, eskubideak urratu dizkietela-eta herritarrek jarritako kexuak dira ugarienak; 2012an jasotako 340 gorabeheretatik, 298. Administrazioarekin harremanetan, ahoz nahiz idatziz, izandako eragozpenen harira jo dute herritarrek Elebidera, batez ere; horren atzetik daude seinaleetan eta errotuluetan atzemandako akatsei buruzko kexuak. Urraketak euskaraz jasan dituzte gehienek: 298etatik, 292k.

Jasotako 340 gorabeheretatik 325 hartu zituen aintzat hizkuntz eskubideak bermatzeko zerbitzuak iaz, eta, urte amaieran, 223 txosten zeuzkan itxita. Kexuak ez ezik, 325 horietan daude galderak, iradokizunak eta eskariak ere bai.

Elebide zerbitzua indartzeko zerbitzua agertu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Cristina Uriarte sailburuak agintaldiko ildoak aurkeztean iragarri zuen «sendotu» egingo dutela Elebide. Patxi Baztarrika sailburuordearen esanetan, «neurri zuzentzaileak» hartzeko erabiliko dute zerbitzuan bildutako informazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.