Elebide zerbitzuak 154 kexatik 29ri konponbidea eman die

Hizkuntza eskubideak epe luzera bermatzeko bideak aztertuko ditu Jaurlaritzaren zerbitzuak

2008ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Elebidek, hizkuntza eskubideak bermatzeko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak, 154 kexatik 29ri konponbidea eman zien iaz. 248 kexa jaso zituen, eta horietatik 189 bideratu zituen, gainontzekoek legea ez zutela urratzen iritzita. Egun, 189 horietatik 154 itxita daude. Itxita egoteak zera esan nahi du, Elebiden egin beharreko bidea egin dutela, konponbidea emanda egon ala ez. Konponduta 29 daude; konponbidean, 11; salatuak horiei irtenbidea emateko bitartekoak dituen kasuak 25 dira; kasu batean ez dago urraketarik; beste bateanez du erantzunik jaso Elebidek; 34 bestelako kasuak dira, eta hiru auzik irtenbiderik gabe jarraitzen dute.

Atzo aurkeztu zuen Elebideren 2007ko memoria Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Joseba Lozano Herri Administrazioetan Euskara Normalizatzeko erakundearen zuzendariaren laguntzaz. Eguneroko jardunean, gaztelania eta euskararen berdintasun soziala lortzeko asko falta dela adierazi arren, pozik agertu zen Baztarrika: «Herri aginteen betebeharra da herritarren eskubideak bermatzea, eta Elebiderekin administrazioak ispiluaren aurrean jarri du bere burua». Ezer inposatu gabe hizkuntza eskubideak babestu eta bultzatu nahi dituztela nabarmendu zuen.



ELEBIDE, SALAKETEN BITARTEKARIA. Horretarako, beharrezkoa da urraketa horiek konponbidean jartzea; horregatik, urratzaileari laguntza ematen saiatzen dira arazoa konpontzeko. Baina xede hori lortzea herritarren lana ere bada, Baztarrikarentzat: «Euskaraz bizi nahi duenak euskaraz bizitzeko aukera izatea gizarte osoaren helburua behar du».

Herritarren (salatzaileen) eta urratzaileen bitartekaria da Elebide. Hizkuntza eskubideren bat urratu duenarekin harremanetan jartzen da salaketa jaso ostean, eta lankidetza edo aholkularitza eskaintzen dio, arazoa konponbidean jar dezan. Kexa bakoitzaren «jarraipen zehatza» egin eta emaitzaren berri ematen dio ondoren salatzaileari. Kasu guztietan hartzaileak prozesuaren berri izaten duela azaldu du Baztarrikak, hasieratik bukaeraraino.

Urtebete eskaseko bidea izanik, emaitza positiboak lortu dituztela esan du Baztarrikak. Orain arte herritarrek eginiko salaketa gehienei konponbidea eman dietela nabarmendu du, eta momentuko konponbide horiek epe luzera nola mantendu aztertuko dutela.

Oraingoz ez dute horretarako mekanismorik martxan jarri, «herritarrek egiten baitute urraketen jarraipena». Horregatik, hizkuntza eskubideak bultzatzen eta gizarteratzen ahaleginduko dira apiriletik aurrera. Bitartean, urraketen inguruan jarrera aktiboa izateko deia egin die Baztarrikak herritarrei, eta konponbideak jartzen jarraituko dutela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.