Jasone Zenoz. EHUko katedraduna

«Eleaniztun izateagatik ditugun baliabideak aktibatu behar dira»

Euskal Herriko ikasleek hizkuntza bat baino gehiago dakizkite. Zenozen irudiko, eskolak ez du bermatu behar denak maila berean jakitea, baina uste du garrantzitsua dela maila ona edukitzea irakas-hizkuntzan.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun

Eleaniztasunak ikastetxeetan ematen dituen aukerak gehiago baliatu behar direla uste du Jasone Zenozek (Iruñea, 1960). EHUko Hezkuntza Zientzien Fakultatean hezkuntzako ikerketa metodoetan eta diagnostikoan katedraduna da, eta hango Dream ikerketa taldeko buru izandakoa; ostegunean, Eleaniztasuna eta hizkuntza gaitasun akademikoa derrigorrezko hezkuntzan jardunaldietan parte hartu zuen, Donostian. Egungo hizkuntza irakasgai zurrunen ordez translanguaging metodoa martxan jartzea proposatu zuen: hizkuntzak elkarren artean lotuz irakastea. Ziurtatu zuen euskararentzat ez dela kaltegarria.

 

Ikasle askok gutxienez hiru hizkuntza ulertzen dituzte. Zer onura ditu horrek?

Hizkuntza gehiago erabiltzen badituzu, beti izango duzu aukera gauza gehiago egiteko edo jende gehiagorekin hitz egiteko.

Eleaniztasun horri behar besteko etekina ateratzen al zaio?

Badago etekin handiagoa ateratzeko aukera: gehiago esplotatu behar dira eleaniztasunaren eragin positiboak. Eleaniztunak izateak ematen dizkigun baliabideak gehiago aktibatu behar dira.

Zer baliabide?

Hiztegian, adibidez: hiru hizkuntzetan [euskaraz, gazteleraz eta ingelesez] hitzak desberdinak dira sarri, baina beste askotan, ez hainbeste. Edo testu bat idaztean: D ereduan ikasten duzu deskribapen bat euskaraz egiten, eta beste bat egiten baduzu gazteleraz edo ingelesez, edukia, antolatzeko modua... indartuko dituzu. Gaztelerazko deskribapenak urtebete geroago lantzen badira, ordea, beste ohar batzuekin, berriz hutsetik hastearen parekoa da, hizkuntzen arteko loturarik gabe.

Hizkuntza gehiago jakiteak laguntzen al du irakasgaietan errendimendua hobetzen?

Frogatuta dago bi hizkuntza baldin badakizkizu hirugarrena errazago ikasiko duzula, baina beste faktore batzuek ere badute eragina: zenbat lan egiten duzun, zein irakasle dituzun, zer motibazio... Gainera, beste ikasgaietarako garrantzitsua da hizkuntza akademikoa ulertzea.

Hizkuntza hobeto jakiteak eragina izango du beste irakasgaietan, ezta?

Maila ona baldin baduzu ikasteko tresna gisa erabiltzen den hizkuntzan, eta hizkuntza akademikoa baduzu (hiztegi ona, ulermen egokia...), aukera gehiago dituzu beste arloetan ere hobeto moldatzeko: matematika, zientziak...

Eskolak bermatu behar al du hiru hizkuntzetan gaitasun bera lortzea?

Gaitasun arrunta, komunikatzekoa, gaztelaniaz ez dugu behar izaten eskolan; euskaraz beharrezkoa dugu, eta ingelesez ere bai. Baina maila akademikoa hizkuntza guztietan behar da. Maila bera lortu behar da hizkuntza guztietan? Helburuen arabera. Normalean, D ereduan, euskaraz ingelesez baino maila hobea lortu nahi dugu.

Posible da denak jatorrizko hiztunek bezala jakitea?

Posible da. Esate baterako, etxean gaztelera erabiltzen zuten euskaldun askok maila oso-oso ona lortu dute. Eta jatorrizko hiztun askok, agian, okerrago hitz egiten dute, edo hiztegi gutxiago dute. Ingelesarekin zailagoa da, ahoskeragatik. Baina ingelesez zergatik egin behar dugu jatorrizko hiztunek bezala? Agian ez dugu inoiz erabiliko jatorrizko hiztunekin.

Ikasleak eleaniztunak izateko, ezinbestekoa al da bestelako irakasgaiak ingelesez ematea?

Modu bat da. Ikasgai batzuk ingelesez emanez gero, ingeles gehiago ikasteko aukera dago, gehiago lantzen duzulako. Baina badaude beste modu asko: ingelesarekin ez dugu aprobetxatzen eskura ditugun hainbat baliabide, eskolatik kanpo, esaterako: filmak, ordenagailuko jokoak...

Translanguaging hitza behin baino gehiagotan aipatu duzu hitzaldian. Zer da zehazki?

Guk erabiltzen dugun bezala, curriculumean dauden hizkuntzek elkarri laguntzean datza. Adibidez: euskara eskola batean hiztegia lantzea hizkuntza guztien baliabideak erabiliz. Alegia, euskaraz konposatua den hitz bat erabiltzen dugu adierazteko beste hizkuntzetan ere hitz konposatuak daudela: euskaraz loradenda eta ingelesez flower shop konposatuak dira, gaztelaniaz floristeria bestelakoa da.

Metodo hori ez al da euskararen kalterako?

Irakasleek kontrakoa esan digute: ikusi dute euskara beste hizkuntzen mailan jartzen dela. Denbora ere ez diozu kendu behar: hori eginez gero Euskara eta Gaztelera ikasgaietan, euskara sartuko duzu gaztelerako eskoletan. Hizkuntzen arteko baliabideak aktibatzea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.