Ion Orzaiz.
PUNTUA

Eleaniztasunaren izenean

2025eko otsailaren 11
17:10
Entzun

Nafarroan, usu zabaldu da uste oker bat, zeinaren arabera PAI programa ingelesezko murgiltze eredu bat baita. Ezjakintasunagatik dela edo interes politikoengatik dela, D ereduarekin parekatu ohi dute askok: «Euskaldunek badute D eredua, hortaz, gure seme-alabentzat ingelesa nahi dugunoi utz diezagutela PAI aukeratzen». Esaldi hori maiz erabili dute programaren bultzatzaileek, nolabait agerian uzteko PAIren aurkakoen tolerantziarik eza. Argudio horrek, baina, zulo handi bat du oinarrian: PAI ez da hizkuntza eredu bat, eta ikasgai batzuk soilik ditu ingelesez. Hortaz, G, A edo D ereduen gainean eskaintzen da.

Gaur egun, PAI ezarria dago A eta G ereduetan nagusiki —gutxi dira PAI ez dutenak—. Askoz urriagoak dira D-PAI ikastetxeak: euskarazko eredukoak izanagatik, ingelesez emaniko ikasgai batzuk dituztenak, alegia. Hasieratik, arazoak eragin zituen ikastetxe horien ezaugarriak zehazteak: zenbat ikasgaitan eskainiko da ingelesa? Zeinetan? Ingeleseko edukiak sartuta, zeri kenduko zaio denbora? Horrek ez al dio eraginen euskarazko murgiltzearen kalitateari? Eta haurren ikasketa prozesuari? Azkenerako, gobernuak erabaki zuen D ereduko PAI programa malguagoa izanen zela; ingelesezko errefortzu soil bat, euskara hutsezko ereduan. Orain, ordea, PAI indartzeko estrategia betean, arauak zorroztu ditu: D-PAI ereduko ikasleek astean ordu bat gehiago egin beharko dute ingelesez, edo, txanponaren ifrentzuari erreparatuta, ordu bat gutxiago euskaraz.

Ikasleen eta zentroen jarduna zailtzeaz gain, erabaki horrek asko trabatuko du euskarazko murgiltzea. Eta bada kezkarako beste motibo bat ere: Nafarroako Gobernuak azken urteetan berritik ezarri dituen D ereduko lerro gehienak D-PAI moldekoak dira, hain zuzen. Eleaniztasunaren izenean euskararen presentzia murriztuko dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.