ELDH Demokraziaren eta Munduko Giza Eskubideen aldeko Legelarien Europako Elkartearen arabera, Euskal Herrian «adiskidetzea» lortzeko beharrezko urratsa da «euskal preso politikoei aplikatutako salbuespenezko neurriak amaitzea». Hartara, bat egin du Sare Herritarrak larunbaterako Bilbon deitutako manifestazioarekin.
Ikusi gehiago
«Euskal preso politikoei legearen ezarpen arrunta aplikatzea exijitzen dugu», adierazi dute ohar batean. Izan ere, uste dute espetxe legedia «Euskal Herriko bakearen eta adiskidetzearen testuinguru berriaren» arabera interpretatu beharko litzatekeela, salbuespen legeak baztertuz.
Adierazi dute hamabi urte igaro direla ETAk borroka armatua behin betiko eten zuenetik, eta Euskal Herriak «sendatzeko eta oroitzeko bide luzea» egin duela ordutik. Besteak beste, ezker abertzaleko alderdien legeztatzea eta euskal presoei ezarritako urruntze eta sakabanaketa politiken amaiera aipatu dituzte.
Halere, «adiskidetzeko bidean» urrats gehiago egiteko beharra ere nabarmendu du ELDHk, eta horretarako beharrezkotzat jo «indarkeriaren biktima guztiei tratu bidezkoa eta berdintasunezkoa ematea».
Sare Herritarrak orain arte adierazitakoaren bidetik, ELDHk gogoratu du 45 euskal preso inguru direla zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak eta, beraz, legedi arrunta aplikatuta aske egongo liratekeenak.
Taldeak azpimarra egin du 7/2003 lege organikoan. Hark hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasunak eskuratzeko baldintzak gogortu zituen, eta 30 urtetik 40ra luzatu gehienezko espetxealdiak. Espetxealdia luzatu izanak 60 euskal presori eragiten die, ELDHk gogoratu duenez: «40 urteko espetxealdia betetzen ari dira, aldez aurretik askatzeko itxaropenik gabe».
Era berean, gogoratu dute 45 presori eragiten diela 7/2014 lege organikoak; hau da, horiei ez dizkiete zenbatzen Europako Batasuneko beste estatu batzuetako espetxeetan betetako zigor urteak.