ELBk mobilizazio kolektiboa txalotu du, Azkarateko espekulazio kasua dela eta

Azkarateko bi etxe eta lur eremu bat enkantean saltzen saiatu ziren joan den maiatzaren 12an. ELBren eta Lurzaindiaren mobilizazioei esker, bertan behera gelditu ziren enkanteak, eta, azkenean, herriaren eta familia jabearen arteko erabakia adostu dute, salmenta espekulatiboa saihestuz.

ELB eta Lurzaindia Baionako Auzitegian bildu ziren Azkarateko bi etxe eta lur eremu baten enkanteak gelditzeko, joan den maiatzaren 12an. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2022ko abuztuaren 22a
15:36
Entzun

Azkarateko Herriko Etxearen eta Aintziburu familia jabearen artean adostu da, azkenean, Azkarateko (Nafarroa Beherea) bi etxeen eta 31 hektareako lur eremuaren negozioa. ELBk prentsa agiri batean azaleratu duenez, «Herriko Etxea eta familiaren arteko harremanek denentzako zuzenago den aterabide bat aurkitu dute, SAFER eta EPFL egituren laguntzarekin: herriak hainbeste falta dituen etxebizitzak egiten ahalko ditu, eta 31 hektarea laborarien esku geldituko dira».

ELBk eta Lurzaindiak jakinarazi dute «biziki begi onez» ikusten dutela Azkarateko herriaren eta Aintziburu familiaren arteko akordioa. Haien ustez, «gertakari biziki larria gerta zitekeen» maiatzaren 12an, bi etxeak eta lur eremua enkantean saltzera emanak izan zirelarik.

ELBk azpimarratu du gertakariak «aldi batez gehiago» erakutsi diela «bide zuzenean» direla, eta «arrazoi» dutela «zuzengabekeriaren aitzinean altxatzea».

Enkanteen kasua

Azkarateko Etxeberria etxea eta lur puska batzuk saltzekoak zituzten enkantean, Baionako Auzitegian. ELBren eta Lurzaindiaren aburuz, halako salmentak «joera espekulatiboa» sustatu besterik ez du egiten.

Joan den maiatzaren 12an, enkanteei hasiera eman zieten, eta, Azkarateko kasuaren aldia iritsi zenean, ELBko, Lurzaindiko eta Ostia kolektiboko kideak «Euskal Herria ez da salgai» oihukatzen hasi ziren. Oren erdi batez auzitegiko gelan egon ondotik, magistratuek atera behar izan zuten. Finean, bertan behera utzi zuten salerosketa.

Halere, Baionako Auzitegiak adierazi zuen enkantea berriz eginen zutela irailaren 8an, baina konpromisoa auzitegiak emandako epea aitzin atzeman dute elkarte eta erakunde militanteek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.