«XX. mendean izandako erreferente eta ikur handienetakoa». Ikastolen mugimenduaren aitzindaria eta euskaltzalea izan zen Elbira Zipitria, eta, haren heriotzaren 40. urteurrenean, hezkuntzari egindako ekarpena aitortu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horretarako, Zipitriaren estatua bat jarri dute erakundearen egoitza nagusian, Gipuzkoako foru jauregian. Eta ez edonon: jauregiko ohorezko patioaren erdi-erdian, hain zuzen. Gipuzkoaren historiako izen handienentzat gordetako espazioa da hura; bertan dira Elkanoren, Urdanetaren, Zuazolaren eta Larramendiren irudiak, besteak beste.
Gizonak besterik ez da izan ohorezko patioan. Orain arte. Ohoratu duten lehen emakumea da Zipitria. «Pauso xume baina esanguratsua» da, Markel Olano ahaldun nagusiak aitortu duenez. «Asko eta asko dira gure gizartearen bilakaeran arrastoa utzi duten eta uzten ari diren emakume aitzindariak. Askotan isilarazi eta ikusezin bilakatuak». Estatua berri harekin jauregiko «hutsune historiko bat» bete nahi izan dute, datozen belaunaldiak iraganaz ahaztu ez daitezen.
Lurdes Umerez artista azkoitiarrak sortu du maistraren brontzezko eskultura. Gutxi dira gordetzen diren Zipitriaren irudiak, eta haren argazki ezagun eta bakarrenetako batetik abiatuta egin du. Estatuaren oinarria lau kubok osatzen dute; bertan islatu ditu haren ikasleek koadernoetan lantzen zituzten olerkiak, marrazkiak eta eragiketak.
Irakaskuntzara guztiz emana bizi zen Zipitria. Frankismo garaian, «euskararen eta euskal nortasunaren sugarra bizirik mantentzea eta belaunaldi berriei transmititzea» lortu zuen, kontatu du Olanok. Donostiako hainbat familiak halaxe eskatuta, haien haurrei euskarazko eskolak ematen hasi zen, erabat klandestinoak baziren ere. Donostiako Parte Zaharrean, Fermin Calbeton kaleko 26. zenbakian, 2. solairuan erein zuen Zipitriak euskarazko irakaskuntzaren hazia.
Ikusi gehiago:Andereño Elbira, aro arteko atea