Joan den larunbatean, Baztan Ibarreko Elbeteko jaietan, mutil dantzetan parte hartzen saiatu ziren emakume batzuk. Txistuak eta irainak jaso zituzten. Horietako bat Garbiñe Elizegi Baztango alkatea da (Pomona, AEB, 1975).
Zer gertatu zenlarunbatean?
Elbeteko agintariek Baztango udalbatzakoak gonbidatu gintuzten herriko jaietara joateko. Bertan, mutil dantzen bi saio egon ziren. Eguerdiko saioan, Baztango zinegotzi Jon Elizetxe [Bildu] dantzatzera sartu zen, eta ez zen arazorik sortu. Handik bi minutura, ni sartu nintzen, eta jendea oihuka eta irainka hasi zen.
Gaueko saioan, Baztango Mutildantzarien Taldea dantzan hasi zen. Emakumeok haiekin batera dantzan hasi, eta alde egiteko eskatu ziguten. Guk ezetz esan genien, hori plaza publikoa zela eta bertan egoteko eta parte hartzeko eskubidea genuela.
Tradizioa aipatzen dute, mutil dantza gizonezkoek dantzatzen zutela.
Baztango beste herrietan bezala, Elbeten ere mutil dantzak galtzear zeuden. Hain tradizio errotua zuten, non duela hogei bat urte berreskuratzen hasi zirela. Emakumeek zein gizonek aldi batean ikasten zuten. Egun, dantzak berreskuratu diren herri gehienetan, gizonezkoek eta emakumezkoek dantzatzen dute, arazorik gabe.
Elbeten duela bost bat urte hasi ziren berreskuratzen mutil dantzak. Hasieran, herritarrei erakusten hasi zirenean, emakumeek eta gizonek batera dantzatzen zuten. Baina festa batzuetan, emakumeen parte hartzea dela eta, istiluak sortu ziren. Horren ondoren, Baztango Ezkerrako zinegotzi batek bultzatuta, Elbeteko Mutildantzari Taldea sortu zen.
Eta horrek lagundu al zuen mutil dantzak berreskuratzen?
Justu kontrakoa. Planteamendu horrekin, dantzaldi herrikoia eta irekia zena bereganatu zuten, eta, gainera, diskriminazioa bermatzen dute. Horregatik, iaz, Elbeteko Udaleko gonbidapena jaso arren, ez joatea erabaki genuen Bilduko ordezkariok.
Baztango Mutildantzarien Taldeak ere diskriminazioa bultzatzen al du?
Baztango Taldea Elbetekoaren ildo beretik sortu zen. Haien asmoa zen dantza tradizional horiek Baztango herri guztietan dantzatzea, baina Elbetekoa izan ezik, beste herrietako udalek ez dituzte gonbidatu.
Gure ustez, Baztango herri gehienetan normalizaziorantz gindoazela, hau atzerapausoa da. Arriskua dago, Hondarribiko eta Irungo alardeetan bezala, gatazka enkistatzeko.
Iaz uko egin zenioten Elbeteko Udalaren gonbitari. Zergatik joan zarete aurten?
Diskriminazioa salatu nahi genuen.
Beste alderdiek zer jarrera dute?
Arduragabekeriaz jokatzen ari dira. Batzuk, Ezkerra, esaterako, bere burua aurrerakoitzat badu ere, emakumeen diskriminazioa bultzatzen ari dira. Onartezina da gero ordezkari horiek ikustea emakumeen kontrako indarkeria salatzen duten pankarten atzean. Hipokrisi hutsa da.
Garbiñe Elizegi. Baztango alkatea
«Elbeteko txistuak Baztanen lortzen ari den normalizazioaren kontra doaz»
Irainak eta txistuak jaso zituzten Garbiñe Elizegik eta beste emakume batzuek Elbeteko jaietan, Baztan Ibarrean tradizio handia duten mutil dantzetan parte hartzen saiatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu