Lan gatazkak

Elbarrien sektoreko langileak kriminalizatu nahi dituztela salatu du LABek

Bilboko Justizia Jauregian deklaratzera deitu dute Gaudeko langile bat, maiatzaren 9an Itsasmuseumen gertatu zen liskarrarengatik. Elbarrien sektoreko langileak batu dira bertan, borroka sindikala ez da delitua lelopean.

Aniztasun funtzionalaren sektoreko langileak batu dira Bilboko Justizia Jauregian gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Markos Tedin-Uriburu Castro
2023ko urriaren 17a
17:03
Entzun

Maiatzaren 9an, Bilboko Itsasmuseumen, Gaude, Gorabide, Madres Mercedarias eta Aspace enpresetako langileak batu ziren borrokan ari ziren enpresetako hitzarmenen alde. Manifestatzen ari zirela, Ertzaintza bertaratu zen, eta langileei oldartu zitzaien. Sortu zen liskarraren harira, LABek Gauden duen ordezkariari agintaritzaren aurkako eta desordena publikoko delituak leporatu zizkioten. Gaur gerturatu da Bilboko epaitegira deklarazioa egitera.

LAB sindikatuak elkarretaratzera deitu du, eta bertan azaldu dira aniztasun funtzionalaren sektoreko langileak —Marea Urdina taldea osatu zutenak— ordezkariari euren babesa adierazteko. Borroka sindikala ez da delitua zioen pankarta atera zuten Gaudeko, Gorabideko eta beste sektore batzuetako langileek epaitegiaren aurrean.

Cristian Urzanki LABeko arlo soziokomunitarioko kidearen arabera, ordezkariaren deklarazioa «ondo atera da». Hala ere, borrokan jarraituko dutela ziurtatu du, «aniztasun funtzionalaren sektoreko langileak kriminalizatzeko» asmoa dagoen arren.

«Haserre gaude»

Gorabideko langileak ere izan dira epaitegian, eta adierazi dute «haserre eta nekatuta» daudela euren lan gatazkaren bilakaerarekin. Izan ere, urriaren 12an Gorabideko gerenteak jakinarazi zuen enpresak ez zuela beteko enpresako batzordearekin uztailean sinatutako akordioa. LABek argitaratu zuenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak Gorabiderekin zeuzkan konpromisoei huts egin zien, eta horrek eragin zuen enpresak langileekin zeukan hitzarmena bertan behera gelditzea.

Langileen arabera, diputazioarekin hitzarmena sinatuta zegoen, baina momentu batetik bestera aldatu diete adostutakoa. Lan baldintza duinak lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela aipatu dute: «Ezin dugu berdin jarraitu».

«Sindikatuen aldetik gatazka artifizialak sortzen ari garela dio EAJk, baina gurea ez da artifiziala, eta ez dugu sortu», azaldu du manifestatzen ari zen langile batek. Uztailean hitzarmena adostu ostean, enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak atzera bota dutela salatu dute: «Adarjotze bat iruditzen zaigu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.