Joan den astean, LABek ontzat eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoaren langileen lan baldintzen inguruan egindako proposamena, eta akordio horren edukiak plazaratu zituen. ELA, aldiz, kritiko agertu da eduki horiekin, uste baitu akordio horrek ez dituela konponduko Hezkuntza Legearen «gabeziak eta mugak» , eta iragarri du «borrokari» eutsiko diola: «Ez da antzezpenetarako garaia, grebetarakoa baizik».
ELAko Negoziazio Kolektiboko eta Euskara arduradun Pello Igeregiren ustez, EAJk eta EH Bilduk hezkuntza arloan duten «akordio estrategikoa» funtsezkoa da LABen jarrera ulertzeko. Esan duenez, EAJren eta EH Bilduren akordio horren helburua da oraingo hezkuntza sistemari eustea aldaketa txiki batzuk eginda, baina ez ditu konponduko sistema horrek dituen «aje nagusiak»: «Hezkuntza Legeak ez ditu gaindituko hizkuntza ereduak, ez du ahalbidetuko euskal curriculuma garatzea, eta enpresen beharretara egokitutako hezkuntza sustatuko du, herritarren beharretara egokitu ordez».
ELAren iritziz, akordio estrategiko horren bidez hezkuntzaren arloan «bake politikoa» lortu nahi du EAJk EH Bilduren partetik, eta orain LABek ere «bake sindikala» eskaini dio Jaurlaritzari lan baldintzen inguruko hitzarmena sinatuta: «LABen jarrera ezin da ulertu EAJren eta EH Bilduren arteko akordio estrategikoa aintzat hartu gabe», esan du Igeregik.
Neurri zehatzik gabe
ELAren Hezkuntza arduradun Miren Zubizarretak azaldu ditu LABen eta Hezkuntza Sailaren arteko akordioari egiten dizkioten kritikak. Lanpostu publikoei dagokienez, uste du lanpostu horiei eusteko «asmo hutsa» agertzen dela akordioan, baina ez dagoela neurri zehatzik hori bermatzeko. Are gehiago: salatu du Hezkuntza Saila lanpostuak gutxitzen ari dela akordioa sinatzeaz batera. Esandakoaren adibide gisa, aipamena egin die hezkuntza konplexutasun indizea «aldebakarrez» aldatu izanari eta Donostian hiru ikastetxeren fusioan langile batzuk kaleratu nahi izateari.
Behin-behinekotasunaren arloan, akordioan agertzen da ez dela langileen %5 baino handiagoa. ELAren aburuz, baina, «Hezkuntza Sailak egiturazkotzat jotzen dituen lanpostuak» baino ez dira aintzat hartzen neurri horretan, eta gainerako langileak kanpoan uzten dira. Egonkortasun prozesuak aipatu ditu Zubizarretak horren adierazgarri: 4.742 lanpostu finkatu nahi ditu sailak prozesu horren bidez, baina behin-behineko langileak 15.300 dira; beraz, 10.560 langile inguruk behin-behinekoak izaten jarraituko lukete.
Soldaten homologazioaren arloan, akordioan jaso dute itunpeko ikastetxeetako eta sare publikoko langileen soldatak parekatuko direla, baina ELAk uste du kontuan hartu behar dela KPI kontsumorako presioen indizea ere, langileek «erosahalmena galtzen» jarrai ez dezaten.
Azkenik, ELAk uste du akordioa «euskararen kalterako» dela. Jokin Bildarratz sailburuak berriki adierazi du ez dagoela hizkuntza ereduen sistema gainditzeko asmorik eta ikastetxeek euskara ez beste hizkuntzetan eman ahal izango dituztela eskola orduen %80. ELAren ustez, LABek, akordioa sinatuta, babesa eman dio horri: «Bereziki larria iruditzen zaigu LABek ontzat ematea euskarazko murgiltzea baztertu izana».
ELAk iragarri du ez duela onartuko Jaurlaritzaren eta LABen arteko akordioak «mugatzea» negoziazio mahai sektorialetan jorratu beharreko edukiak, eta orain arteko eskakizunei eutsiko diela. Mobilizazioak ere iragarri ditu: bihar agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarrean, Hezkuntza Legearen kontrako jarrera azaltzeko, eta lehenago elkarretaratzea egingo dute legebiltzarraren aurrean. Bestalde, gainerako sindikatuekin hitz egingo du, udazkenean mobilizazio ziklo «ahalik eta sendoena» antolatzeko.