ELAk uste du «bake sindikala eskura» jarri diola LABek Jaurlaritzari

gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Joan den astean, LABek ontzat eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoaren langileen lan baldintzen inguruan egindako proposamena, eta akordio horren edukiak plazaratu zituen. ELA, aldiz, kritiko agertu da eduki horiekin, uste baitu akordio horrek ez dituela konponduko Hezkuntza Legearen «gabeziak eta mugak», eta iragarri du «borrokari» eutsiko diola: «Ez da antzezpenetarako garaia, grebetarakoa baizik».

ELAko Negoziazio Kolektiboko eta Euskara arduradun Pello Igeregiren ustez, EAJk eta EH Bilduk hezkuntza arloan duten «akordio estrategikoa» funtsezkoa da LABen jarrera ulertzeko. Esan duenez, akordio horren helburua da oraingo hezkuntza sistemari eustea aldaketa txiki batzuk eginda, baina ez ditu konponduko sistemaren «aje nagusiak».

ELAren iritziz, akordio estrategiko horren bidez hezkuntzaren arloan «bake politikoa» lortu nahi du EAJk EH Bilduren partetik, eta orain LABek ere «bake sindikala» eskaini dio Jaurlaritzari lan baldintzen inguruko hitzarmena sinatuta.

Neurri zehatzik gabe

ELAren Hezkuntza arduradun Miren Zubizarretak azaldu ditu LABen eta Hezkuntza Sailaren arteko akordioari egiten dizkioten kritikak: «Akordioak ez ditu lanpostuak bermatuko, eta langileak pobretuko ditu».

ELAk uste du akordioa «euskararen kalterako» dela. Jokin Bildarratz sailburuak berriki adierazi du ez dagoela hizkuntza ereduen sistema gainditzeko asmorik eta ikastetxeek euskara ez beste hizkuntzetan eman ahal izango dituztela eskola orduen %80. ELAren ustez, LABek, akordioa sinatuta, babesa eman dio horri.

ELAk iragarri du ez duela onartukoakordio horrek «mugatzea» mahai sektorialetan jorratu beharreko edukiak, eta orain arteko eskakizunei eutsiko diela. Gainerako sindikatuekin hitz egingo du, udazkenean mobilizazio ziklo «ahalik eta sendoena» antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.