ELAk salatu du Osakidetzak ez dituela osorik eguneratu aldi baterako kontratazio zerrendak

Sindikatuak gogorarazi du Osakidetzak osasun langile finkoei ez diela uzten lanpostua lekualdatzen. Nabarmendu du jada ebatzita egon behar zuela egonkortzeko LEPak, baina ez dagoela oraindik.

Galdakaoko ospitaleko sarrera, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Galdakaoko ospitaleko sarrera, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko otsailaren 25a
14:40
Entzun

ELA sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez dituela oraindik eguneratu aldi baterako kontratazio zerrendak, nahiz eta iazko uztailean iragarri zuen «laster» egingo zuela hori. Azken hilabeteetan zerrendan sartzeko eskatu duten osasun langileak integratu behar dituela gogorarazi dio sindikatuak Osasun Sailari: «Zerrendak ez eguneratzeak eragin zuzena du kontratazioetan, eta, ondorioz, hautagai batzuek kontratuak galtzen dituzte».

Izan ere, azken hilabeteotan Osakidetzan lan egiteko eskatu duten osasun langileak zerrendan sartzeke ez ezik, jada barruan daudenen datuak —2018-2019 aldiko lan eskaintza publikoko nota, esperientzia profesionala eta euskararen hizkuntza eskakizuna— eguneratzeke ditu Osasun Sailak, ELAk gaitzetsi duenez. Osakidetzak atzo mediku batzuen datuak eguneratu zituen, baina kategoria profesional askoren datuak berritu gabe daudela ohartarazi du ELAk. Egoera «onartezina» dela nabarmendu du.

Gainera, gogorarazi du Osakidetzak osasun langile finkoei ez diela uzten lanpostua lekualdatzen. «Osakidetzak urtean bi deialdi egin beharko lituzke kategoria guztietarako, baina ez ditu inoiz egin. Langileek mugitzeko duten eskubidea sistematikoki urratzen du», deitoratu du sindikatuak. Zehaztu duenez, Osasun Sailak sektoreko mahaiaren bileran —gaur izan da— adierazi du ez dutela lekualdatzeko deialdirik egingo kategoria profesional guztientzat.

Lan eskaintza publikoen antolaketa ere kritikatu du ELAk, eta gogoan izan du 2021eko egonkortzeko LEPa: «2024a amaitu baino lehen ebatzi behar zen, legeak hala ezartzen baitzuen». Jaurlaritzak iragarria du datozen asteetan ebatziko duela LEP hori ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.