EAE-KO AURREKONTUAK

ELAk salatu du gutxi handituko direla osasun eta hezkuntza gastuak

Mikel Noval: «Eusko Jaurlaritzak ez badu aurrekontua handitzen, hori da, sinpleki, ez duelako nahi»

Mitxel Lakuntza (ezkerrean) eta Mikel Noval, gaur, Bilbon. ELA
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 7a
16:27
Entzun

ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak EAErako aurkeztutako aurrekontu egitasmoak ez ditu «beharrizan sozialak estaltzen». Sindikatuak nabarmendu duenez, iazkoarekin alderatuta «%3 besterik» ez da igoko gastu publikoaren kopurua aurtengo proiektuan. Jaurlaritzak abendu erdialdean adierazi zuenez, 12.442 milioi euroko aurrekontua izango da, eta %5,7 handituko da 2020ko aurrekontuarekin konparatuta: 668 milioi gehiago. ELAk, horrenbestez, EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernua kritikatu du, iruditzen baitzaio osasunean eta hezkuntzan gutxi gastatzea planteatu duela. «Europa guztian gastu publikoa handitu denenean, hemen euskal salbuespena dugu, gastua gutxien areagotu dutenak baikara», nabarmendu du Mikel Noval ELAren azterketa bulegoaren arduradunak gaur, Bilbon, aurrekontu proposamena baloratzeko egindako agerraldian.

ELAko kideak mahai gainean jarri ditu zenbakiak. Haren arabera, BGP barne produktu gordinaren portzentajea aintzat hartuta, Europako Batasunean batez beste osasunean gastatzen den diru publikoa %7,1 da; eta EAEn, berriz, %4,8. Sindikatuak dioenez, Europako Batasuneko estatuek hezkuntzan gastatzen duten portzentajea %4,7koa da, eta EAEn, berriz, ehuneko hori baino puntu bat gutxiago gastatzea aurreikusi dute.

Mitxel Lakuntza sindikatuaren idazkari nagusiak eskatu die ezkerreko alderdiei ez ditzatela aurrekontuak babestu. Sindikatuaren idazkari nagusiak pentsatzen du «errealitatetik oso kanpo» daudela aurrekontuak, eta Iñigo Urkullu buru duen gobernuak «inertziei» jarraitzen diela, «nahiz eta arazoak aldatu». Lakuntzarentzat, COVID-19ak eragindako krisiari erantzuteko «kontsigna» bat eduki du Jaurlaritzak: «Ahalik eta gutxien gastatu, ahalik eta gutxien inbertitu, eta ahalik eta propaganda gehien egin». Hori dela eta, iruditzen zaio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azkeneko hilabeteotan politika egin dela «pandemia existituko ez balitz bezala». Novalek mezu argia plazaratu du: «Eusko Jaurlaritzak ez badu aurrekontua handitzen, hori da, sinpleki, ez duelako nahi».

Zerga erreforma
Sindikatuak uste du, dena den, zorra modu etengabean handitzea ez dela «jasangarria», nahiz eta iruditzen zaion «egungo egoera salbuespenezkoan» egin beharrekoa dela. Eta aurrekontuek diru sarrera gehiago eduki ditzaten, Lakuntzarentzat ezinbestekoa da zerga erreforma bat egitea, «nabarmen handituz zergak errenta handiei, kapitalei, ondasunei eta enpresei lortutako etekinei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.