ELAk salatu du Euskotrenek hizkuntza eskakizuna apaltzeko asmoa duela

Sindikatuaren arabera, enpresak planteatu du B1 hizkuntza eskakizuna egiaztatzea «nahikoa» euskara maila dela tren zerbitzuan lan egiteko; orain arte B2 eskatu izan dute.

Euskotreneko langileak hizkuntza eskubideen aldeko elkarretaratze batean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskotreneko langileak hizkuntza eskubideen aldeko elkarretaratze batean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2025eko martxoaren 25a
15:35
Entzun 00:00:0000:00:00

ELA sindikatuak egin du jakinarazpena, prentsa ohar baten bidez: «Euskotrenek planteatu du B1 hizkuntza eskakizuna nahikoa izatea enpresa publikoan lan egiteko». Orain arte B2 maila eskatu izan dutela esan du sindikatuak, eta «guztiz onartezina» iruditzen zaiola egin nahi duten apaltzea. «Langileek zerbitzua euskaraz ematea eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea», biak ikusten ditu auzitan ELAk langileei B1 maila bakarrik eskatuta.

Sindikatuak jakinarazi duenez, Euskotrenek enpresa batzordeari aurkeztu berri dio euskara errekerimenduei buruzko dokumentua, eta hor ikusi dute jasoa hizkuntza eskakizuna urritzeko asmoa. ELAren ustez, «oraindik euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea» ez dago bermatua, eta egoera horretan neurri hori hartzea guztiz desegokia dela adierazi du.

ELAk gogora ekarri du 2013tik gaur arte euskararen gutxieneko baldintza B2 izan dela Euskotreneko langileentzat, eta urtez urte berretsi dela eskakizun hori. Sindikatuak adierazi du, «gai horrek sor dezakeen gatazkaren jakitun», enpresak hitzarmen kolektibotik kanpo utzi nahi duela euskararen eskakizunei buruzko eztabaida. Gogor kritikatu du hori ere.

Kezkatuta, eta gai honetan «atzera pausorik» ezin dela onartu gogora ekarrita, hainbat agenterekin harremanetan jarriko da ELA, euskararen normalizazioan lagungarri izan daitezkeen neurrien aldeko «presioa» areagotzeko.

Sententzia

Aurretik ere atera izan dira Euskotreneko ELAko ordezkariak, LABekoekin batera, hizkuntza eskakizunen defentsan. Izan ere, auzibideak egon dira enpresaren hizkuntza irizpideen kontra. Euskotreneko lanpostuen egonkortze prozesuan, zehazki, UGTk salaketa bat aurkeztu zuen; baliorik gabe utzi nahi zuen lanpostu guztietarako euskarazko B2 maila eskatzea. Iazko urrian jakin zen, ordea, UGTk abiarazitako eskari hori atzera bota zuela justiziak: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen eskakizun horiek itun kolektiboan onetsita daudela, eta, beraz, ezin dela horien aurka egin.

Sententzia haren harira, ELAk nabarmendu nahi izan zuen negoziazio kolektiboa «tresna» garrantzitsua dela hizkuntza eskubideak bermatzeko prozesuetan aurrera egite aldera. «Alde horretatik, ELAk jarraituko du bai Euskotrenen, bai bertatik kanpo negoziazio kolektiboa indartzen eta euskara planak sustatzen, are eta gehiago sektore publikoan», adierazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.