Ertzaintzaren akordio arautzailean jasotako neurria dela gogoratu nahi izan du ELA sindikatuak; 68. artikuluan zehaztuta dago Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ordaindu egingo diela euskara ikasteko matrikula lanorduetatik kanpo euskara ikastekoak diren ertzainei. Berriki argitaratu du, ordea, Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendaritzak laguntza hori jasotzeko baztertutakoen eta onartutakoen zerrenda, eta 183 ertzain laguntza hori gabe geratu direla salatu du ELAk. Eskabideen %44 baztertu dituztela esan du, eta aurrekontu falta argudiatu duela Segurtasun Sailak horretarako.
Sindikatuaren arabera, itxaron zerrenda batean sartuko dituzte onartutakoen zerrendatik kanpo utzi dituzten ertzain horiek. Salatu du «inkoherentzia hutsa» dela administrazioa euskalduntzearen aldeko diskurtsoa egitea eta gero halako erabakiak hartzea. Horiek horrela, eskatu du laguntza horietarako diru saila «berehala» handitzeko. «ELAk berriro ere aldarrikatzen du doako euskara-ikasketa sistema bermatzea hiritar guztiontzako».