Eusko Legebiltzarrean EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk onartu berri duten Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearekin kritiko agertu da ELA, aurretik Elkarrekin Podemos-IUk eta zenbait talde ekologistak egin bezala. Sindikatuak gaur plazaratu du legeari buruz egin duen analisia. Uste du legeak ez duela balio «bidezko trantsizio energetikoa» egiteko, ez baitu zalantzan jartzen ekonomiaren lehiakortasuna hobetzea.
Sindikatuaren ustez, egungo klima larrialdia kezkatzekoa da oso, eta ondorioztatu du legeak ez duela nazioarteko konferentzietan eta akordioetan jarritako helburuak lortzeko neurrien ildo bera. Klima aldaketari aurre egiteko neurririk ez da onartu, ELAren iritziz.
Garraio sistemari ere erreparatu dio sindikatuak. Izan ere, legean jasotzen den moduan, garraioa da CO2 gehien isurtzen duen sektorea, baina ELAk salatu du legean ez dela bildu neurririk pertsonen eta merkantzien joan-etorrietan egiturazko aldaketak egiteko. Adibidez, nabarmendu du «iniziatiba falta» dela garraio publikoa sustatzeko.
Kontsumoa murriztea, funtsezkoa
Energia kontsumitzeko moduari ez ezik energia kontsumoari berari ere erreparatu behar zaiola esan du ELAk. «Trantsizio energetikoak energia kontsumoa gutxitzea exijitzen du, berriztagarriek ezingo baitute gure kontsumo osoa ordezkatu, baina legeak ez du murrizketa lehenesten, energia eskaintza bermatzea du helburu, energia iturria edozein dela ere», azaldu du sindikatuak ohar bidez.
Horrez gain, energia elektrikoa ekoizteko instalazio berriak –haize errotak eta plaka fotovoltaikoak, nagusiki– modu deszentralizatu batean zabaldu beharra ere nabarmendu du sindikatuak, energia ekoizten den lekuak kontsumo guneetatik gertu egon daitezen. Bada, salatu du egungo legean hori ez dela lehentasuntzat hartu.
Sindikatuarentzat, «soluzio faltsuak» dira legeak bultzaturiko teknologia berriak ere: «Legeak energia bektore berriak bultzatuko ditu, hidrogenoari zenbait ataletan lehentasuna emanez: trantsizio energetikoan, garraioan eta industrian, esaterako». ELAren esanetan, «erregai alternatiboak» aipatzen dira legean, baina ez da zehazten zein izango diren. «Baliteke benetan berriztagarriak ez diren erregaiak sustatzea horrek; esaterako, hondakinetatik eratorritako erregaiak». Sindikatuaren arabera, zientziak jada baieztatua du erregai alternatiboak ez direla berriztagarriak eta eraginkorrak, eta, horregatik, eskatu dute «soluzio faltsu horiek behin betiko baztertzeko».
Hala ere, sindikatuak onartu du badela aurrerapauso bat legean: energia komunitateen ingurukoa. «Positibotzat» jo du «energia komunitateak sortzeko laguntzak jartzea eta horiei sorkuntza instalazioetarako eremu publikoak erabiltzeko lehentasuna ematea, baita berriztagarrien instalazio berrietan herritarrek eta komunitateek izan dezaketen parte hartzea ere». Dena den, sindikatuak adierazi du parte hartze publiko eta komunitarioa derrigorrezkoa ez izatea «azpimarratzeko hutsunea» dela legean. Gainera, sindikatuarentzat, ez da nahikoa energia komunitateak hauspotzea.
Elkarrekin Podemos-IU izan zen lehenetakoa Eusko Jaurlaritzako bi alderdiek eta EH Bilduk onartu zuten legea kritikatzen. Zehazki, EH Bilduri leporatu zion Petronorren eta Eusko Jaurlaritzaren «marko ideologikoa» onartzea. Koalizio moreak 116 zuzenketa aurkeztu zizkion legeari, baina bakarra onartu zen. Euskal Herriko zenbait talde eta koordinakunde ekologista ere legearen aurka mintzatu dira. LABek legearen akordioa iragarri zenean adierazi zuen legeak «eredu aldaketan sakondu» beharko lukeela.