ELA sindikatuaren iritziz, Espainiako etxebizitza legeak ez du ia eraginik izango Hego Euskal Herrian, eta ez du konponduko alokairuen arazoa; izan ere, han proposatutako neurriak tentsio handikotzat jotzen diren eremuetan baino ez dira aplikatuko, alokairuan bost etxe baino gutxiago duten jabeei ez die eragingo, eta legearen helburua da gaur egungo prezio altuak are gehiago igotzea galaraztea, prezio horiek jaitsi beharrean. Horregatik, zenbait neurri proposatu ditu sindikatuak: horien artean, Hego Euskal Herri osoa «tentsio handiko eremu» izendatzea, eta legean jabe handien eta jabe txikien artean egiten den bereizketa ezabatzea.
ELAko Ekintza Sozialerako arduradun Leire Gallegok eta Janire Landaluze azterketa bulegoko kideak txosten bat aurkeztu dute: Mugatu egingo dira alokairuen prezioak Hego Euskal Herrian? Tentsio eremuek alokairuko etxebizitzen prezioan izango duten eraginaren azterketa. Ikerketa horren ondorio nagusia da 2023ko etxebizitza legeak proposatutako neurriak ez direla «nahikoak», legeak ez duela bermatzen etxebizitzarako eskubide objektiboa, ez diola espekulazioari aurre egiten, eta pisu turistikoak kanpoan uzten dituela.
Txostenaren arabera, Hego Euskal Herrian 162.500 etxebizitza baino ez daude alokairura bideratuta: etxebizitza guztien %13,9. Horretarako jotzen duten maizter gehienak, %81, «halabeharrez» bizi dira alokatutako etxebizitza batean, bizilekurik erosi ezin dutelako edo behin-behinean aukera hori lehenetsi dutelako erosteko aukera izan arte. Prezioek, berriz, gora egiten dute etengabe: gaur egun, 80 metro koadroko etxebizitza bat alokatzeak hilean 1.376 euro balio du Donostian, 1.136 Bilbon, 912 Gasteizen eta 848 Iruñean.
Landaluzek azaldu duenez, «gazteek, migratuek eta prekarioek» jotzen dute alokairura, eta, beraz, multzo horiek dira egoeraren makurrak gehien pairatzen dituztenak. Gainera, sexuaren faktorea ere nabarmena da, emakumeei askoz gehiago eragiten baitie. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei erreparatuta, errentarien batez besteko adina 46 urtekoa da, lehen mailako ikasketak dituzte, eta erdiek Espainiatik kanpoko nazionalitatea dute. Jabeek, aldiz, goi mailako ikasketak izaten dituzte, Espainiako nazionalitatea dute, eta haien batez besteko adina 60 urtekoa da.
Jabe handiei baino ez
Legearen arabera, proposatutako neurriak jabe handiei baino ez zaizkie aplikatuko, hots, bost etxebizitza baino gehiago dituztenei. ELAren txostenaren arabera, horrek ekarriko du legeak «eraginik» ez izatea Hego Euskal Herrian, bertoko jabe gehienek etxebizitza bakarra baitute alokairuan.
Gainera, legea «tentsio handiko eremu» izendatutako udalerrietan baino ez da aplikatuko. Txostenean agertzen da zeintzuk diren udalerri bat tentsio handikotzat jotzeko irizpideak: azken bost urteotan prezioak KPIa baino %3 gehiago igo izana, eta alokairuaren errenta eta gastuak familien diru sarreren %30 baino gehiago izatea. Nafarroako Gobernuak ez du egin oraindik horren inguruko proposamenik; EAEn, berriz, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak bi txosten egin ditu, eta, horien arabera, zehaztu du zeintzuk liratekeen «guztiz tentsionatutako eremu» eta «partzialki tentsionatutako eremu» izendatzeko moduko udalerriak: hiru hiriburuak, hogei bat udalerri Gipuzkoan, hamazortzi inguru Bizkaian, eta bakarra Araban.
«Ez dugu konfiantzarik Eusko Jaurlaritzan. Legea onartu zenetik, EAJk beti jarri ditu oztopoak, eta PSEn ere ez dugu ikusten aldaketarik egiteko borondaterik»
JANIRE LANDALUZEELAren azterketa bulegokoa
Halaber, legearen xede nagusia da alokairuetako prezioen igoerak mugatzea, baina ELAk uste du hori ez dela nahikoa, prezio horiek jadanik «oso altuak» direlako. Hortaz, sindikatuaren iritziz, igoerak mugatzea baino gehiago, prezioen jaitsiera izan beharko litzateke bilatu beharreko helburua. Gainera, neurri horiek alokairu kontratu berriei aplikatuko zaizkie, eta ez jadanik sinatuta daudenei: «Indarrean dauden kontratuak iraungi arte itxaron beharko da legea aplikatu ahal izateko».
Legean ez da etxebizitza turistikoen inguruko aipamenik egiten, baina ELAren ikerketak horri ere erreparatu dio. Ondorioa da horrelakoak gero eta gehiago direla Hego Euskal Herrian, eta gaur egun 6.723 direla lau herrialdeetan: «Alokatutako etxebizitzen jabe askok aukera ikusi dute iruzur egin eta turistifikaziora jotzeko», esan du Landaluzek.
ELAk ez du «borondate politikorik» ikusten Eusko Jaurlaritza eratu berrian arazoari irtenbidea emateko: «Ez dugu konfiantzarik Eusko Jaurlaritzan. Legea onartu zenetik, EAJk beti jarri ditu oztopoak, eta PSEn ere ez dugu ikusten aldaketarik egiteko borondaterik».
Gallegok aletu ditu ELAk egiten dituen proposamenak egoerari irtenbidea bilatzeko. Garrantzitsuena da Hego Euskal Herri osoa tentsio handiko eremu izendatzea; Gallegok gogorarazi du legeak jasotzen duela autonomia erkidego oso bat tentsio handikotzat jotzeko aukera, eta erkidegoei dagokiela horren inguruko eskumena. Horrez gain, jabe handien eta jabe txikien arteko bereizketa ezabatu nahi du ELAk, neurriak jabe guztiei aplikatu ahal izateko.
«Onartezina eta zentzugabea da Hego Euskal Herrian 100.000 etxebizitza baino gehiago hutsik egotea jendeak bizitokia topatzeko zailtasunak dituen honetan»
LEIRE GALLEGOELAren Ekintza Sozialerako arduraduna
ELAk zera ere proposatu du: Hego Euskal Herriko etxebizitzen alokairu indize bat sortzea «alokairuen prezioa nabarmen jaisteko», etxebizitza politiken norabidea aldatzea «etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko», eta etxebizitzak eraikitzeko enpresa publiko bat sortzea. Gainera, etxebizitza huts guztiak alokairura bideratu nahi ditu: «Onartezina eta zentzugabea da Hego Euskal Herrian 100.000 etxebizitza baino gehiago hutsik egotea jendeak bizitokia topatzeko zailtasunak dituen honetan», esan du Gallegok. Erabilera turistikoko etxebizitzak mugatu eta kontrolatzea eta etxegabetze guztiak geldiaraztea ere proposatu du ELAk.