Mobilizazio betean egin dute ikasturtea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako langileek. Oraintxe, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari konpontzeko geratzen zaion korapiloa irakasleena da; izan ere, grebak tarteko, hitzarmenak egin ditu Haurreskolak partzuergoko eta garbiketarako eta sukaldeetako langileen ordezkariekin. Irakasleek, ordea, protestan segitzen dute; azken greba zikloa apirilaren 2an amaitu zuten, eta aurreratu dute maiatzean beste bost greba egun egingo dituztela. Mobilizazio horien harira Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek berak eta gobernuko beste hainbat kidek egin dituzten adierazpenak hizpide, hitza hartu du gaur ELA sindikatuak, ohar baten bidez: «inkoherentzia eta manipulazioa» egotzi dizkie. Eta ohartarazpena egin du: «baliabide gehiagorik gabe» ezin da hezkuntza publikorako akordiorik lortu.
Besteak beste, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak langileei egotzi die «soldata igoera lehenestea» beste aldarrien gainean. Pradalesek ere beren-beregi nabarmendu du irakasleek soldatarekin eta erretiroekin lotutako aldarrikapenetan jarri dutela, bereziki, indarra.
ELAko ordezkariek esan dute, ordea, aintzat hartu behar direla irakasleen eskeak, eta Jaurlaritzak baduela, gainera, horretarako modua. «Beste sektore publiko batzuetan lan baldintzak, soldata hobekuntzak barne» hobetzeko arazorik ez dela egon gogoratu dute. Mobilizazioetan ozendu dituzten aldarri nagusiak gogora ekarri ditu sindikatuak: ratioen hobekuntzan urratsak egitea, behin-behinekotasunaren %8 baino txikiagoa izatea, eta lan taldeak gazteberritzea, besteak beste. Eta irakasleek erosahalmena berreskuratzea ere beharrekoa dela esan du: «Gogoratu behar dugu azken hamabost urteetan %20tik gorako erosahalmen galdera metatu dutela irakasleek».