ELAk iragarri du sei mobilizazio egun egingo dituela Bizkaiko etxez etxeko zerbitzuan. Ekainaren 19an, 22an eta 26an eta uztailaren 3an, 10ean eta 18an. Egun horiek aprobetxatuko dituzte salatzeko erosahalmena «galdu» dutela CCOOk eta UGTk martxo amaieran patronal nagusiekin sinatutako hitzarmenaren eraginez.
«Sinatutako hitzarmenak ez ditu sektore feminizatu honen egiturazko arazoak zuzentzen, ezta zerbitzuaren kalitatea hobetzen ere», kritikatu du ELAren eledunak, gaur Bilbon egindako agerraldian. Sindikatuaren kalkuluen arabera, langileek 244 euro gutxiago irabazten dituzte hilean oraingo hitzarmenarekin, eta 2013tik 2015erako hitzarmenean jada 44,81 euro galdu zituzten.
ELAk deitoratu du CCOO eta UGTren hitzarmenak ez duela jasotzen ordezkapenei eta enpleguaren egonkortasunari buruzko hobekuntzarik. Zehazki, Ortuellako, Galdakaoko, Txorierriko, Leioako, Zornotzako eta Busturialdeko zerbitzuetako langileak mobilizatuko dira. Hainbat dira ELAren aldarrikapenak: lanaldi osoko kontratuak eta mugagabeak lehenestea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, kontziliazioa hobetzea, gutxienez ordubeteko zerbitzuak ematea eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea. Horiez gain, zerbitzuak gertutasun geografikoaren arabera banatzea galdegin dute, eta lan osasunaren arloan hobekuntzak egin daitezela.
Askotan, baliabide barik
Etxetik etxera lan baldintzak asko aldatzen direla azaldu du Ainhoa Tirapu ELAko Eskuinaldeko arlo soziosanitarioko arduradunak. «Etxe bat ez da lan zentro bat bezalakoa, auditoria guztiak pasatzen dituena», esan du. «Beti ez dago baliabiderik; batzuetan ez dago leku nahikorik garabi bat sartzeko...».
«Denetarik» dagoela ikusi du Ana Isabel Vegasek sektorean lanean daramatzan hamabost urteetan. Zornotzan egiten du lan, eta etxe batetik bestera aritzen da. Bakoitzean baldintza desberdinak dauzka. «Ohea badaukazu, agian ez daukazu garabirik. Garabia badaukazu, ohe normal bat daukazu. Komuna, batzuetan, egokituta dago, eta beste batzuetan, aldiz, ez».
Vegasek 59 urte dauzka, eta igartzen du lanaren ajea jada, egunero egin behar duen esfortzu fisikoagatik. Kontatu duenez, lau urte aritu zen 1,50 metroko garaiera zeukan ohe bat zeukan erabiltzaile batekin lanean. «Gero esaten dute gaixo baimenak hartzen ditugula, baina astean bost egun pertsonak altxatzen, makurtzen, altxarazten... Azkenean. trapezioen inflamazioa izan nuen». Ordutik ohean «bainatu» behar izaten zuela azaldu du.
Ez da kasu bakana, Tirapuren arabera. «[Langileen] batez besteko adina oso handia da, eta orain baliabideak heltzen ari dira, baina jende asko oso kaltetuta dago jada». ELAkoak uste du enpresek ziurtatu beharko luketela etxeetan langileen osasuna zaintzen dela.