Hezkuntza Legea

ELAk, LABek eta Steilasek Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aurkako protesta egin dute Donostian

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan nagusi diren hiru sindikatuek gogorarazi dute sare publikoan greba egingo dutela azaroaren 30ean eta abenduaren 14an. Haien eskaerak aintzat hartu ezean, prest daude beste protesta sorta bat antolatzeko.

Hiru sindikatuen protesta, gaur goizean, Donostian. LAB
2022ko azaroaren 16a
14:32
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuak harrabotsa sortu du, eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuek protestara jotzea erabaki dute. Gaur goizean egin dute elkarretaratzeetako bat, Donostian. Hauxe eskaera: Hezkuntza Legean sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea jorratzea. Gaurkoaz gain, beste zenbait mobilizazio ere prest dituzte: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan greba egingo dute azaroaren 30ean eta abenduaren 14an, eta etzi ikastetxeetako atarietan elkarretaratzeak egitera eta argazkiak ateratzera deitu dute.

Sindikatuek uste dute badaudela protestarako arrazoiak. Haien esanetan, Hezkuntza Legearen aurreproiektuak «egungo hezkuntza eredu duala» betikotzen du. Horren harira, hamar eskaeraren bueltan eraikitako proposamen bat aurkeztu dute. «Publikoa ardatz»izango duen sistema eskatu dute, baita publifikaziorako marko eta araudi orokorra eta adostua ezartzea ere. «Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza lege bat nahi dugu», erantsi dute. Hizkuntzari dagokionez, legeak «euskara erdigunean» izatea galdegin dute, eta, gainera, nabarmendu dute Hezkuntza Legeak «propioa» izan behar duela. Hezkuntza sistemako arazo nagusienetako bati ere erantzun beharko dio: segregazioari, alegia. Eta kontrolak nahi dituzte: «Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen lege bat nahi dugu». Sistemako langileei erreparatuta, «langile guztien enplegua eta lan baldintza egokiak» bermatuko dituen legea dute xede, eta haien parte hartzea bermatuta egotea: «Hezkuntza Legea parte hartzailea izatea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena». Eta hori guztia egiteko, baliabideak: «Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen Hezkuntza Legea nahi dugu».

Aldarrikapenok jaso ezean, ez dute geldirik egoteko asmorik: prest agertu dira Eusko Legebiltzarreko tramiteek iraun bitartean beste protesta sorta bat antolatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.