Euskara

ELAk Jaurlaritzari egotzi dio administrazioan euskara lehenesteko urratsik ez egitea

Balorazioa egin du sindikatuak gobernua administrazioan euskara normalizatzeko ontzen ari den dekretuaz, eta hainbat puntu ilunez ohartarazi du

jarraia234561.jpg
arantxa iraola
2023ko urriaren 30a
12:00
Entzun

«Eusko Jaurlaritzak sektore euskarafoboen presioari men egin, eta uko egin dio hizkuntza eskubideak parekatzeari. Ondorioz, aurrerantzean ere gaztelania izango da lehentasunezko hizkuntza. Herritarron kasuan, euskaldunok geure burua nabarmentzen jarraitu beharko dugu euskaraz artatuak izateko», azterketa kritikoa egin du gaur ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritza administrazioan euskara normalizatzeko ontzen ari den dekretuaz. Txosten bat aurkeztu du adierazteko sindikatuak zer proposamen egin dituen arlo horretan. Txosten horretan esaten da dekretuan badaudela aurrerapauso batzuk jasota, baina puntu ilun zenbaiti ere erreparatzen zaie.

ELA-Gizalaneko zuzendaritzako kide Aintzane Orbegozok eta sindikatuko Euskara arduradun Pello Igeregik hartu dute hitza agerraldian. Bilbon izan da. Salatu dutenez, gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerbitzu publikoetan ohikoa da hizkuntza eskubideak urratzea. «Egun, herritarrek ez dute bermerik administrazioetan euskaraz artatuak izateko». Onartu dute alorrez alor egoera aldatzen dela, baina badirela «zapalkuntza sistematiko» baten adierazpenak. Osasun sistemako zenbait arlotan, esaterako, edo justiziaren eremuan.

Langileen eskubideen zapalketa bat ere badagoela ikusten dute. «Langile publikoak behartuta daude, oro har, gaztelaniaz lan egitera. Horregatik exijitzen da gaztelaniaren ezagutza lanpostu publikoen %100ean, eta euskararena soilik lanpostu batzuetan», deitoratu dute. Eta esan dute Jaurlaritza ontzen ari den araudi berriak ez duela sakoneko aldaketarik ekarriko. «Dekretu proiektuak egoera hori normalizatu eta arautzen du, berriz ere».

Zehazki salatu dute dekretu proiektuak «debekatu» egiten duela, adibidez, euskara oinarrizko ezagutza gisara eskatzen den lanpostuetan meritu gisara ezagutza handiagoa aintzatestea. Horrek esan nahiko luke, sindikatuaren arabera, adibidez B2 maila eskatzen bada, ez dela «meritu gisara» puntuatuko maila jasoago bat egiaztatzea. Hortik kritika: «Inork imajina dezake oposizioetan ikasketetan gradua eskatua bai, baina espresuki eta legez debekatzea meritu gisara master bat puntuatzea? Bada, hori da Eusko Jaurlaritzak proposatzen duena».

Hamabost urtean

Zuztarreko aldaketak behar direla iritzita, bi hizkuntza ofizialak «parekatzeko» unea dela esan du ELAk. Eta proposamen bat egin dio Jaurlaritzari: hamabost urteko trantsizio epe bat diseinatzea egungo egoeratik elebitasunera igarotzeko, langileak euskalduntzeko neurri eta baliabideekin.

«Helburuetan irmoak eta bidean malguak izateko garaia da», esan du Igeregik. Ekiteko eskatu dio Jaurlaritzari: «Bestela, gaztelaniaren nagusitasuna normalizatu egiten da». Gogora ekarri du, gainera, «eskuin mutur politiko eta judiziala oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak» ere auzitan jartzen ari dela, «inposizio» gisara aurkezteko ahalegina egiten dutela, eta aurre egin behar zaiela halakoei.

Horiek horrela, sindikatuak dei egin die herritarrei larunbat honetan Bilbon Euskalgintzaren Kontseiluak deituta egingo den manifestazioan parte hartzera, euskararen normalizazioaren aldeko neurrien kontra abian den oldarraldi judizialari desadostasuna erakusteko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.