EHU zigortu dute irakasle ikertzaileei gutxiegi ordaintzeagatik

ELA sindikatuak salatu du Auzitegi Goreneko Lan Arloko Sailak berretsi egin duela beka publikoen bidez kontratutako irakasle ikertzaileen auziaren inguruan aurrez emanda zegoen sententzia bat.

Ikasturte hasierako ekitaldia EHUn, irailean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ikasturte hasierako ekitaldia EHUn, irailean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2024ko martxoaren 27a
16:30
Entzun

ELA sindikatuak jakinarazi du Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen kontra emana zuen sententzia bat, eta zigortu egin duela unibertsitatea beka publikoen bidez kontratatutako irakasle ikertzaileak soldatetan diskriminatzeagatik. «Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak berriro eman dio arrazoia ELAri».

Sindikatuaren arabera, unibertsitateak zuzenean kontratatutako irakasle ikertzaileek urtean 7.000 euro gehiago jasotzen zituzten laguntza publikoen bidez kontratatutakoek baino, eta horregatik jo zuten auzitara. Beken bidez kontratutakoek 28.000 euroko soldata zuten urtean, eta unibertsitateak zuzenean kontratutakoek, berriz, 35.000 eurokoa. ELAkoak pozik daude epaiaren berrespenarekin: «Sententziarekin soldata alde hori eskatzeko aukera zabaldu da, eta agerian utzi du ikerlarien egoera prekarioa».

Zehazki, ELAk abiatu zuen auzibidea, arduratuta baitzegoen Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoekin eta Ramon y Cajal eta Juan de la Cierva programekin kontratutako doktoretza ondoko irakasle ikertzaileen egoeraz, eta irizten baitzion haien «soldata diskriminazioa» bidegabea zela; hala, justiziaren babesaren bila ari da. «ELAk uste du EHUk kontratatutako doktore ikertzaile guztiek soldata bera jaso behar dutela, antzeko lana egiten dutelako».

Erreklamazioetarako bidea

Sindikatuaren arabera, Gorenak orain ebatzi du «ordainsari berdintasunerako eskubidea» ezin dela urratu, eta ziurtatu egin behar direla kontratazio guztietan «tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza». Sententziak denera 75 langileri eragingo diela aurreratu du sindikatuak. Bidea irekiko die horiei guztiei galdutako «soldata aldeak» erreklamatzeko. Guztiak ere 2019-2020ko ikasturtean beken bidez kontratutako irakasle ikertzaileak dira.

ELAk nahigabea azaldu du 2022. urtearen ondoren programa horien bidez kontratatu ziren irakasle ikertzaileek ezingo dutelako epai horren babesean erreklamaziorik egin. Gogoratu duenez, behin EAEko Auzitegi Nagusiak soldata diskriminazioaren aurkako ebazpena eman eta gero, unibertsitateak itun bat izenpetu zuen LAB, Steilas eta CCOO sindikatuekin, eta hor hitzartu zen kolektibo horren urteko soldata 3.800 euro apaltzea. Epaiak berak «aitortzen» zuena baino soldata baxuagoa hitzartu zutela deitoratu du ELAk.

ELAren iritzian, Gorenaren epaiak argi utzi du EHU barruko zenbait kolektibotan dagoen «diskriminazioa eta prekarizazioa». Gogora ekarri du ikasturte honetan hainbat greba eta mobilizazio egin direla, oro har, unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen baldintzak «duintzeko» aldarriak ozentzeko, eta «premiazkoa» dela mahai gainean jarri diren eskakizunak aintzakotzat hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.