ELAko Alain Garciak azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eskoletan matrikulazioak behera egiten jarraitu du –%10 inguru azken lau urteotan–, eta eskaintzen dituzten lekuetatik %32 hutsik gelditzen dira. Haren ustez, jaiotze tasaren beherakada ez da arrazoi nahikoa jaitsiera hori azaltzeko, matrikulazioa gehiago jaitsi baita.
ELAren ustez, beste nonbait bilatu behar dira horren zergatiak: «Haur eskolen Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritza garatzen ari diren politikak herren gelditzen dira», azaldu dute. Prezioak «altuak eta desorekatuak» dira, eta ezarritako kuoten sistemak ez du egoera hori konpondu, oraindik ere familien hiru laurdenek kuotarik altuena ordaintzen dutelako.
Aurten beste kuota mota bat ezarri dute, oso diru sarrera gutxi dituzten familientzat –kasu horretan, ez dute ezer ordaindu behar–, baina, familia horiek euren egoera frogatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa oso konplikatua denez, familia gutxik lortzen dute, eta tarte horretan ere matrikulazioa ez da igo.
Horrek guztiak eragina du sektorean aritzen diren langileen egoeran, ELAko ordezkariek salatu dutenez. Haien datuen arabera, behin-behinekotasuna oso handia da. Hezitzaileei dagokienez, egindako 1.182 kontratuetatik %59 baino ez dira behin betikoak, eta kudeaketan aritzen diren langileen kasuan are larriagoa da egoera, langileen %100 behin-behinekoak direlako eta kontratu finkorik duen langile bakar bat ere ez dagoelako.
Hori ikusita, ELAk eutsi egin dio 2014an aurkeztutako proposamenari: haur eskola publikoak "unibertsalak eta doakoak" izatea, eta horretarako beharrezkoak diren diru baliabideez hornitzea. «Helburu guztiz gauzagarria da», esan du Garciak.