ELA eta Steilas sindikatuek helegitea aurkeztu dute Nafarroako Gobernuaren 97/2024 Foru Dekretuaren aurka. Merezimenduen dekretua deituriko horrek arautu egiten du zenbaterainoko puntuazioa jaso dezaketen lan deialdi publikoetako hautagaiek euskara edo beste hizkuntza bateko titulazioa izateagatik. Osasunbideko deialdiei eta funtzionarioak mailaz igotzeko prozesuei eragiten die batez ere. Funtsean, dekretuak bide ematen du eremu mistoko lan deialdi batzuetan euskara baloratzeko. Hori du berritasun bakarra, orain arte, eremu euskaldunean soilik baloratzen baitzen. Euskararen Legeak eremu ez-euskaldun gisa sailkatutakoan, berriz, euskaraz jakiteak ez du punturik ematen —ingelesak, frantsesak eta alemanak bai—.
Hori dela eta, ELA eta Steilas sindikatuek auzitara jotzea erabaki dute, uste baitute arau berriak «euskaldunen eskubideak urratzen dituela». Ohar bidez, salatu dute euskara «desagertu» egin dela eremu ez-euskalduneko deialdietatik dekretuaren ondorioz; baina, horrez gain, eremu mistoko deialdi askotan ere ez dutela aintzat hartuko, departamentuek kasuan-kasuan erabaki behar baitute euskara meritu den ala ez: «Desagertu egin da euskararen gutxieneko balorazioa, eta departamentu bakoitzak tarte zabala du interpretazio murriztaileak egiteko». Sindikatuon irudiko, gauza bera gertatuko da Osasunbideak eremu mistoan eginen dituen deialdietan, «euskararen balorazio orokorra ezabatu baitute».
Merezimenduen dekretuak, bestalde, ez ditu aintzat hartzen administrazioko zerbitzu zentraletako lanpostuak; hots, bulegoa eremu linguistiko jakin batean edukita ere, zerbitzua ematen dietena Nafarroako herritar guztiei. 2017ko Euskararen Dekretuak irizpide eta baldintza bereziak ezarri zituen lanpostu horietarako, baina, merezimenduen dekretuarekin, Txibiteren gobernuak atzera egin du horretan ere. Hori txarretsi dute ELAk eta Steilasek ere, eta gogorarazi dute, halaber, Nafarroako udalen autonomia ere «nabarmen murriztu dela», tokiko administraziorako lan deialdi askotan ezinen baitute euskara meritu gisa baloratu.
Erlazionatuta
Horregatik guztiagatik, 97/2024 Foru Dekretua «bidegabekeria hutsa» dela uste dute sindikatuek, eta hori zuzentzea galdegin dute, «herritar guztien hizkuntza eskubideak babeste aldera». ELAren eta Steilasen esanetan, «bada garaia ustezko errealitate soziolinguistikoaren mantra albo batera uzteko»; alde batetik, Nafarroako egoera soziolinguistikoa «erruz» aldatu delako 1986an Euskararen Legea onartu zenetik; bestetik, «hizkuntza politikak direlako, hein handi batean, delako errealitate soziolinguistiko hori sortzen dutenak». Edonola ere, sindikatuek uste dute egoera soziolinguistikoaren argudioa ezin dela erabili «euskararen estatusa mugatzeko eta euskaldunen eskubideak oztopatzeko». Hortaz, Euskararen Legea «gainditzera» premiatu dituzte erakundeak, «eskubideen urraketari babes juridikoa ematen dion araudia» den heinean. Euskararen ofizialtasuna ere galdegin dute Nafarroa osoan, «inongo bazterketarik gabe».
2019az geroztik, punturik ez euskarari
Zenbait urte egin behar da atzera auzia ulertu ahal izateko. 2017an euskararen dekretua onartu zuen Uxue Barkosen gobernuak, baina 2019ko epai batek baliorik gabe utzi zituen zenbait artikulu. «Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, UGTren eta Afapnaren helegite baten ondorioz, baliogabetu zituen 103/2017 Foru Dekretuko 31, 35 eta 39. artikuluak eta laugarren xedapen iragankorra. Dekretu horrek ahalbidetzen zuen euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea legeak ezarritako eremu mistoan, ez-euskaldunean eta administrazioko zerbitzu zentraletako lanpostuetan. Auzitegiaren iritziz, aipatu artikuluak 'baztertzaileak' eta 'neurriz kanpokoak' ziren», gogoratu dute ELAk eta Steilasek.
Epai horrek hutsune juridiko handia eragin zuen Nafarroako administrazioko lan deialdietan. Ordurako, baina, gobernuan zen PSN, eta ebazpenari men egin zion, helegiterik aurkeztu gabe. «Nafarroako Gobernuak ez zuen epaia errekurritu eta, gainera, ez zuen inongo asmorik izan baliogabetutako artikuluak moldatzeko», salatu dute sindikatuek. Bost urte geroago heldu zen merezimenduen dekretua, eta tramitazioa luzatu izana euskararen kalterako dela salatu dute ELAk eta Steilasek: «Bost urte igaro dira dekretu berria onetsi dutenerako, eta egoera hori baliatu dute euskara ez baloratzeko eremu misto eta ez-euskaldun deiturikoetan. 2019tik aurrera, aipatutako bi eremu horietan, alemana, frantsesa eta ingelesa baloratu dira ehunka lanpostu publikotako deialdietan, baina ez euskara».