Merezimenduen Foru Dekretuaren proiektuaren tramitazioak aurrera segitzen du Nafarroan. Aste honetan, Funtzio Publikoko Mahai Orokorretik igaro da. Bertan, sindikatu gehienek atzera bota dute Nafarroako Gobernuaren testua, eta CCOO abstenitu egin da. ELAk eta LABek argudiatu dute dekretu horren bidez ez direla beteko hizkuntza eskubideak. Afapnak eta UGTk, berriz, atzera bota dute, besteak beste, euskararen gaineko eskakizunak gehiegizkotzat dauzkatelako.
Sindikatu abertzaleen iritziz, dekretua arbuiagarria da, ez duelako lagunduko aurrera egiten euskararen normalizazioan. «Eremu ez-euskaldunean euskara meritu gisa desagertzen da, baina ingelesa, frantsesa eta alemana kontuan hartu ahal izango dira», nabarmendu du ELAk kontra egoteko arrazoibideen artean. Halaber, ELA kezkatuta dago, departamenduek «interpretazio murriztaile eta arbitrarioak egiteko» modua izango dutelako dekretuarekin.
Kontra egoteko arrazoibideak azaldu ditu LABek ere. «Administrazioko langileen eskubideen urraketan sakontzen du, eta ez du inola ere bermatzen herritarrek administrazioarekin harremanak izatea Nafarroako hizkuntza ofizialetako batean».
Euskarabideko zuzendari Javi Arakamak testua defendatu du gaur, Euskalerria irratian egin dioten elkarrizketa batean. «Ez da nire dekretua, baina, aldi berean, uste dut euskaldunok zama handia kenduko dugula horrekin, euskara eremu mistoan baloratu ahal izango baita, eta lanpostuen %90 hor daude. Motxila handi bat kenduko dugu, aurrerapauso bat izango da, nire dekretua ez izanda ere», argudiatu du.
Erdarazko ereduetan
Bide batez, adierazi du ikasleen artean euskara sustatzen jarraitzea dutela asmo behinenetariko bat, eta artaz jardun nahi dutela euskaraz ikasten ez duten haur eta nerabeei begira ere. Bide horretan, Musikariak ikastetxeetan deituriko programa gaztelaniazko ikasleengana ere eramateko asmoa dutela aurreratu du Arakamak.