ELAk eta LABek lan hitzarmen bat eskatu dute Nafarroako zahar etxeetako langileentzat

ELAk 3.600 sinadura baino gehiago aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuan. LABek «miserable» deitu die hiru enpresari, akordioaren kontra bozkatzeagatik.

Nafarroako zahar etxeetako langileen protesta bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako zahar etxeetako langileen protesta bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko abenduaren 11
16:30
Entzun

Nafarroako zahar etxeetako langileentzako lan hitzarmena nahi dute ELA eta LAB sindikatuek. Lan ituna lortzeko ardura duten bi eragileri zuzendu zaizkie sindikatuak egunotan: Nafarroako Gobernuari ELA, sektoreko patronalari LAB.

ELAk 3.600 sinadura baino gehiago bildu ditu Nafarroako Gobernuari zahar etxeetako lehen hitzarmena eskatzeko eta lan gatazka ikusarazteko. Gaur eraman dituzte Nafarroako Gobernuaren egoitzara. Eskaera: gobernuak dirua jar dezala hitzarmena lortu ahal izateko. «Diru publikoarekin finantzatutako sektorea bada ere, enpresa pribatuek kudeatzen dute —horietako batzuk putre funtsak—», azaldu dute ELAko ordezkariek. «Orain arte gobernuak aurrekontuetan ez du diru sailik onartu baldintza duinak dituen hitzarmena sinatzea ahalbidetzeko».

Besteak beste, zahar etxeetako zaintzaileentzat 1.500 euroko soldata eta urtean 1.592 orduko lanaldia bermatzeko eskatzen du ELAk. Urteak daramatzate mobilizazioak egiten lan hitzarmena lortu ahal izateko. 2021ean hasi ziren negoziatzen, eta ordutik 22 greba egun baino gehiago egin dituzte. Ondorioetako bat: «Langileek egiaztatu dute lan baldintzak hobetzea ez dela premiazko gaia Nafarroako Gobernuarentzat». Nafarroako Parlamentuan hitzarmenaren aldeko mozioa onartu zuten aurreko legealdian.

ELArentzat ez da kasualitatea negoziazioa hainbeste luzatzea eta urteetan lan baldintza kaskarrei eustea. Uste du hori gertatzen dela «zaintzaz emakumeak arduratzen direlako». Sindikatuarentzat, «klasearen eta generoaren ikuspegitik», beharrezkoa da langileek hilaren amaierara iristeko baldintzak lortzea eta lanaldi iraunkorrak izatea.

Amavir, Sanitas eta GSR

LABek «miserable» deitu zien atzo Nafarroako zahar etxeak kudeatzen dituzten hiru enpresari: Amavir, Sanitas eta GSR. Zergatik? «Nafarroako zahar etxeen lehen hitzarmenaren aurka bozkatu dutelako».

Sindikatuak zehaztu zuenez, azken hilabeteetan negoziazio mahaiko parte hartzaile ezberdinekin hitz egin du lan hitzarmenari buruz, eta bazirudien borondatea zutela elkar ulertzeko eta elkarrekin ados jartzeko. «Bazirudien gutxieneko akordio bat lortzear zegoela».

LABen esanetan, ordea, iragan astean sektoreko bi patronaletako bateko enpresek bozketa egin zuten akordioa sinatu edo ez erabakitzeko. Amavir, Sanitas eta GSR enpresek, «miserableki», kontra bozkatu zuten. «Egoera bideratzeko eta hitzarmena lortzeko benetako aukera dagoenean, multinazional handiek erabaki dute atea danbateko batez ixtea».

Lanuzteak etzi eta hilaren 20an

Zahar etxeetan lan egiten duten emakumeak «miseriazko lan baldintzetara kondenatzea» egotzi die hiru enpresa horiei. LABek gogor salatu nahi du Amavir, Sanitas eta GSR enpresen erabakia: «Berriz ere beren diru gose aseezina langileen eta egoiliarren ongizatearen gainetik jarri dute. Sektoreko langileak prekarizatzen, esplotatzen eta lan baldintza miserableak ezartzen jarraitzea erabaki dute miserable hauek».

Bi sindikatuek esan dute jarraituko dutela lan hitzarmenaren aldeko mobilizazioak egiten. LABek bi orduko lanuzteak egitera deitu ditu langileak etziko eta abenduaren 20rako, 16:00etatik 18:00etara . Atzo gogoratu zuen urtarrilean lau urte beteko direla Nafarroako zahar etxeetako hitzarmena eskatzeko lehen pankarta atera zuenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.